Bolumenaren artisaua izan nahi al duzu?
Maketek gure ingurunea objektu bihurtzen dute. Inguru urbano edo natural bat erakutsi dezakete, edo lan-tresna izan daitezke, edo errepresentazio huts bat izan daitezke, baina emaitza sorkuntza-prozesu batean oinarritutako artelan bat izango da.
Tentuz aukeratu eskala, egoki hautatu materialak eta... eman bolumena errealitateari! Altzari edo eraikin batena, parke ala auzune batena, hiri osoa edo mendi orografia zabal baten maketa.
Errealitatea eraldatze aldera (tamainari dagokionez, behintzat), ulertzeko modu pertsonal baten adierazpide gisara edota elementu baten fisikotzea esku artera ekartzea jomugan izanda ere. Kartoia, zura, kartulina, txapa metalikoak, adaxkak, plastikoa, hostoak, kortxoak, etab., mugarik ez du maketak egiteko erabili daitezken materialen zerrendak. Edo, hobeto esanda, norberaren irudimena izango da gutxien espero daitekeen materialari ere zukua ateratzeko tresna ahaltsuena.
Saio hauek hainbat materialetako ereduak ezagutzeko balioko dute. Ikasketa prozesu bezala praxia lehenetsita, maketak sortzeko material hauek eraldatzen jardungo gara, horretarako hainbat teknika probatuz, eskulanak zein teknologia berriak. Ariketa laburrak eta luzeagoak uztartuko ditugu lantegiak iraungo duen lau egunetan zehar.
Oharra: lantegiak lau eguneko iraupena du, eta bertan landutakoari etekina ateratzeko gomendagarria da egunero agertzea. Egunen batean joan ezin izatekotan, idatzi ubik@tabakalera.eu-ra.
Gorka Segurolak eskainitako lantegi honetan bolumenaren artisau bilakatu zaitezke.