2020ko Postalak, emozioen kudeaketa kolektiboak zer eraldatze ahalmen duen bizitzea tokatu zaigun garai nahasi honetan aztertu nahi duen proiektu bat da. Horretarako, postalen bidez nola sentitzen diren partekatu nahi duten pertsona kate bat sortu nahi dugu. Horrela, parte hartzen dutenek postal bat bidali eta beste bat jasoko dute, baina ez da ohiko posta truke bat izango.
• Postalak anonimoak dira. Parte hartzen dutenek ez dute nori idazten ari diren jakingo, ezta jasoko duten postala norena den ere. Izena (abizenik gabe) eta adina jartzeko eskatzen diegu, hori besterik ez. Postala irakurtzen duenari testuingurua ematea da horren asmoa.
• Jasotako postal guztiak 2020ko postalak taldearen eskuetatik pasatuko dira aurrena. Talde horrek etiketa bat jarriko dio postal bakoitzari, eta ohar, erreferentzi bat, esaldi edo hausnarketaren bat idatziko du han, irakurri duen postalak iradoki dionarekin.
• Postal guztiak www.postalak2020.eus web orrian jarriko dira. Hala, postala bidalita ekimen honetan parte hartzen duten pertsona guztiek hantxe ikusi ahal izango dute hura, eta hura irakurtzeak iradoki digun esku-hartzea begiratu. Era berean, postalik bidali ez duten pertsonak inspiratzeko ere balio dezake ekimenak; izan ere, webean sartzen badiara, pandemia garai honetan izaten ari diren emozioei buruzko hausnarketa egiteko modua izango baitute haiek ere.
Nola har dezakezu parte?
1.- Egin edo erosi postal bat.
2.- Kontatu zer emozio sentitzen ari zaren. Kontuan izan ezagutzen ez duzun Donostiako bizilagun batek jasoko duela zure postala, eta zure izena eta adina besterik ez duela jakingo hark.
3.- Bidali postala.
Nola bidal dezakezu postala?
Garrantzitsua da postalean zure izena eta adina besterik ez jartzea (ez abizenik, helbiderik edo zu identifikatzeko moduko beste datu pertsonalik). Hala ere, beste parte- hartzaile baten postala jaso ahal izateko, zure helbidea izan behar dugu guk. Hori dela eta, postala gutun-azal batean sartzea proposatzen dizugu. Gutun-azal horretan bai, izena eta helbidea adierazi behar dituzu bidaltzailearen lekuan. Ondoren, bidali postala bide hauetako batetik:
- Parte hartzeko puntuak: Tabakalerako MediaLab-en (2. solairua) eta Emausek Donostian dituen dendetan (Mundaiz kalea, 6 / Mendeurren plaza, 3) izango dituzu 2020ko postalak ekimenaren postontziak. Puntu horietan entregatzen baduzu, ez daukazu zigilurik jarri beharrik.
- Correosen postontziak: Correosen postontziren batetik bidaltzen baduzu, zigilua jarri eta helbide honetara bidali behar duzu postala: Medialab Tabakalera. Andre zigarrogileak plaza 1, 20012, Gipuzkoa.
2020ko irailaren 15a baino lehen bidali.
Zergatik sortu da 2020ko Postalak?
2020ko martxoan gelditu egin zen gure mundua, batere uste eta ezagutzen ez genuengauza baten ondorioz.Pandemia global bat, COVID19arena, orain arte izan ez den osasun, ekonomia eta gizarte larrialdia ekarri duena. Egun batetik bestera seko aldatu da gure bizimodua, eta larrialdi honek ekarri dizkigun egoera berri askori aurre egin beharrean izan gara. Maite ditugun pertsonak galtzea, mugigarritasunean eta joan-etorrietan murrizketak izatea, askatasun batzuk gutxitzea, telelana egitea, lana eta zaintza uztartzeko arazoak izatea, autonomia galtzea, elkarrekin bizitzeko zailtasunak izatea, lo, elikadura eta kontsumo ohiturak aldatzea, isolamendu fisikoa, eskolak eta gune komunak ixtea, ohitura eta harreman modu berriak sortzea, estutasun ekonomiko eta laboralak edukitzea, osasun-arazoak eta abar izatea larrialdi honek dakartzan ondorioen adibide batzuk besterik ez dira, aurre eginarazten eta sentitzen garen bezala sentiarazten digutenak. Hor dugu, konparazio baterako, tristura, larritasuna, beldurra, nahasmena, ilusioa edo itxaropena. Emozio asko, batzuetan ezagutu ere egiten ez ditugunak eta oraindik eta gutxiago esplikatu.
Testuinguru horretan sortu da 2020ko postalak. Bi helburu dituen proiektu esperimentala da:
- Nola sentitzen garen hausnartzera eta pandemia garaian ditugun emozioak bestei azaltzeko gonbita egitea.Horrela, gizabanako eta gizarte gisa zer ahuldade dugun jakiteak eta onartzeak ematen duen indarra probatu ahal izango dugu.
- Krisiaren eragin emozionala bistara ekartzea eta emozioen kudeaketa kolektiboak erresilientzia komunitarioaren eraikuntzan zer eraldatze ahalmen ematen duen aztertzea.
Aldaketa handiko garaia dugu, lehen ez bezalako Donostia bat eraikitzeko garaia, eta lehengoa baino hobea izateko, larrialdiak eragindako kalte emozionalak on egiteko moduan konpondu behar dituena. 2020ko postalak-ek proposamen esperimental honen bidez lortu nahi duena da ekarpen bat egitea, ateratzen diren ikasketekin garai berri hori eraikitzeko, denok ala denok ere parte sentitzeko moduan eraikitzeko.
Donostiako udaleko Herri Partaidetza sailetik sortutako ekimena da 2020ko Postalak eta hiriko beste hainbat eragilerekin batera elkarlanean landu da.
2020ko Postalak, emozioen kudeaketa kolektiboak zer eraldatze ahalmen duen bizitzea tokatu zaigun garai nahasi honetan aztertu nahi duen proiektu bat da.