Tabakalerak ikasturte berrirako prestatu duen 2021-2022 Hezkuntza programa deskargartzeko aukera dago hemen. Bertan aurtengo ikasturterako zehaztu ditugun lan ildo eta elkarrekin egoteko modu ezberdinen berri ematen da; erroreak zeharkatu ditu aurtengo proposamenak.
Txarto edo oker dagoen zerbaiti esaten zaio errorea. Baina zeren arabera neurtzen da okertasuna? Nola ulertzen da zuzentasuna? Zer kokatzen dugu trebetasun edo normaltasunaren lekuan? Azken hilabeteetan horrelako galderei buruz pentsatzen saiatu gara hezkuntza eta artearen gurutzaketatik abiatuta. Horretarako testuingurua eman diguna bi urtez garatzen ari garen erro(re)tik proiektua izan da, gure praktiken baitan errorea birpentsatu eta barrura begira -errotik- hausnartzeko helburuz sortutako ekimena.
Okertzea, beraz, zeri dagokionez? Zer esan nahi du hezkuntzan zerbait ondo ez ateratzeak? Nork zehazten du edo zein espektatibari erantzuten dio ‘ondo ateratze’ horrek? Zein arauren menpe antolatzen dira ondo eta txarto dauden gauzak ikaskuntza prozesuetan? Tabakaleratik beste ikuspuntu batzuk landu nahi ditugu, bakarra ez dagoela pentsatu eta gertatzen denari leku berrietatik begiratzeko.
Ideia hauetan gehiago sakondu eta programa ezagutzera emateko bilera bat antolatu dugu. Ezinegon eta interes ezberdinak partekatzeko aukera izango dugu, elkarlanerako aukerak irekiz.
Eguna: Irailak 23, osteguna
Saioak:
11:00 (EU)
17:00 (ES)
Bertaratu nahi izanez gero, mesedez bidali email bat hezkuntza@tabakalera.eus helbidera, izen-abizenak, telefono zenbakia, emaila eta nondik zatozten adieraziz.
2021-2022 ikasturteko hezkuntza programaren aurkezpena.