Ezinezko zinema baten alde, dokumentala eta abangoardia Kuban (1959-1972) - 4. Saioa: Ikuspegioak I (120')
Hiru ataletan planteaturiko emanaldi honek gaien aukera gero eta zabalagoa erakusten du, baita mugimendu dokumental honen begiradaren bilakaera ere. Néstor Almendrosen ardurapeko Gente en la playa izenburukoa free cinema hutsa da. Iruzkinik gabekoa eta sinkronizatu gabeko giro soinua, familia batzuen erretratu espontaneoa da filma: hondartzan dauden familiak ohiko gauzak egiten. Azpitestua zera da, beltz, zuri eta mulatoen nahaste nabar hau ez zela posible izango Iraultzaren aurretik, koloreko jendeak uharteko hondartzetara joatea debebekatua baitzuen. Pastor Vegaren Hombres del cañaveral egun soil bat da azukre-kanaberaren uzta biltzen ari diren hiriko langile boluntarioen brigada baten bizitzan. Gizarte iraultzaile bateko lanaren ezaugarri moralei buruzko eztabaida ideologikoa islatzen du filmak, baina panfleto politikoaren propaganda nabarmenkeriaren aztarnarik batere azaldu gabe. José Massipen bi filmek burutzen dute emanaldia. Guantánamok Estatu Batuetako itsasontzi basea erakusten du, ondoko hiriko kubatarren ikuspegitik filmatua, eta hamarkadaren erdialdeko joera esperimentalaren adibidea da. Madina-Boe izenburukoak, aldiz, ideologia iraultzailaren beste alderdi garrantzitsu bat irudikatzen du: Afrikako askapen mugimenduekiko elkartasuna.
Néstos Almendros, Pastor Vega eta José Massip zuzendarien filmeen proiekzioa, 'Ezinezko zinema baten alde, dokumentala eta abangoardia Kuban (1959-1972)' zikloaren baitan.