Garai bateko tabako fabrika, produkzio moduen aldaketak bultzatuta, gaur egungo Nazioarteko Kultur Zentroaren bilakaera ikertzen duen 12 kapituloko seriearen bederatzigarren kapitulua. Zelatan, bi galdera garrantzitsu: lanari dagokionean, zer behar dugu iraganetik? eta, nola eta nondik hitz egin memoriaren inguruan?
Tabakalera galdera hau eta beste hainbaten ikur da, eta eraikineko espazio txiki bat, Sotoa, bideratu du proiektu hau hartzeko. Bertan, ikus-entzunezko instalazio moduan erakutsiko da seriea. Hile erdialdero kapitulu bat gehituko da, bere irekieratik hasi, irailaren 11an, eta 2016ko irailararte. Cruza Martek gauzatutako proiektua ekintza publiko programa batekin osatuko da.
9. kapitulua (25'12'') - DESAGERPENARI DEIKA
Irakurle batek ez du ontzat jotzen antzerki-zuzendari bat izatea nire istorioko protagonista, eta halaxe aurpegiratu dit:
«Ondotxo ulertzen dut: urte luzez bizi izan zinen idazketarekin, ezinago gertu, hitzik egiten ez zaion pisukide batekin nola, eta, azkenik, bi gelak banatzen zituen holtz fina zeharkatuta, bete-betean maitemindu zinen, ezinbestean. Berdin ulergarria zait bat-bateko maitasun horrek gauza zaharren zaporea edukitzea, izan ere, urte luzez elkarrekin bizi izan direnen artean gertatu baita, nahiz eta horiek elkar ezagutu ez. Ulertzen dut amodio horrek galdutako denbora berreskuratzeko nahi izatea, sukar batek jota bezala, eta, beraz, idazketaren neurriz kanpoko indarra bilakatzea egoeraren jabe, zamalkan, bere buruaren gosez, itzulipurdiak eta akrobaziak eskainiz bere buruari, bidezko ordaina ematen ari dela sinetsita. Baina ez dut inolaz ere ulertzen nolatan hautatu duzun intelektual bat, aukeran hainbeste pertsonaia posible edukita, nolatan hautatu duzun antzerki-zuzendari bat eta zure kideak alde batera utzi, "elkarrekin lan egiten duten emakume-multzo" hori, zeina bigarren izenburua baino ez baita, eta zeinak, nire iritziz, itxaropen faltsuak sortzen baititu; ez dut ulertzen zergatik diren emakume horiek koru moduko bat, tarteka baino agertzen ez dena, berezitasunik gabea, nahiz eta garai bateko kide haiek guztiak ondo bereziak izan ».
Zer esan nezake? Egia da. Ez nuen idaztea erabaki etika-kontuengatik, edo fede-kezkengatik, ez eta bat-batean ere, edo nahastuta, edo errezeloz, edo huts egiteko beldurrez... Ezta ere, egia esan, Oteloren modukoa den soldatapeko lanaren aurkako libelo gisara, baizik eta gogoz negoelako. Irrikaz nengoen, titi bat ukitu zidan aurreneko morroiarekin Igeldora igo nintzen irrika berberak joa.
Eta irrikak, azken batean, ez du mozkinik ematen, salbu eta norberaren pozean. Tentuz nintzen ibili eta orotariko harrek egin zidaten ausiki, neure ezjakintasunaz gainera beste zama bat ipini zidatenean sorbaldan, neuk egindakoekin zerikusirik ez zuen ardura bidegabe bat. Ez nuen nahi inongo garairen kronikagile izan, ezta hurrik eman ere. Galde egin sorbaldei ea zer uste duten iraganaz, eta hauxe erantzungo dizuete: pisutsua da! Orduan, nolatan garraiatuko luke nire bizkar kexatiak lantegi oso baten zama? Eta lantegiarena bakarrik balitz... Nolatan garraiatuko du bada nire bizkarrak ekoizpen-sistema oso bat, hainbat menderen ostean desegin zen erraldoi bat!
Batzuetan pentsatzen dut halako aurreikuspen-zentzumen batek jakinarazi zigula industria-mundua desagertzear zela: geurea, geure amena, geure amen amena eta baita haien amena izandako mundua. Halako irudipen errepikakor eta hedakor bat, ezen agerpen bat baitzirudien ia: ezohikoa, arrotza, errealitate arrunta ez bezalakoa, bai, baina zorrozki esanguratsua halere, beste kultura hura baino askoz esanguratsuagoa, hots, iritzien, pentsamenduen, ikuspegien, maitasun eta gorrotoen komunitatea osatzen zuen kultura hura baino askoz esanguratsuagoa: hain logikoa zen hura, hain uste handia zuen bere buruan, hain hizketa hanpatua, hain zaharra; zertan uka, zanpatuta ginduzkan inguru industrialeko kultura zen hura. Ez gaitezen engaina: ihes egin nahi genuen errealitate hartatik. Orain nabaritzen dugu kearen falta hirietan; garai hartan, berriz, kea pairatzen genuen.
Horren harira, zuen baimenarekin, xehetasun bat gehitu nahi nuke. Gauza dezente irakurtzen ditut lanari buruz, giza jardueren bizkarrezur horri buruz. Bat datoz gehienak honetan: lerro historiko bat ezartzen dute, lausoa bada ere, industriako lana eta lan berria bereizteko (zer da lan berria esaten dioten hori?, benetan al da berria?, ala, akaso, lan hori sortzeko baldintzak ote dira berriak? Eta, hala ere, benetan ote dira baldintza horiek berriak, ala, kontrara, osagai transhistorikoak dauzkate eta benetan berria dena da nola uztartu diren baldintza horien eguneraketak?). Lan berri hau hor nonbait dago kokatua, zerbitzuen sektoretik harago, zerbitzumorrontzan, eta, funtsean, hauxe du gakoa: gure lan-indarraren etekinak denboran eta espazioan zabaltzen eta sakabanatzen direla. Bi lanen arteko bereizketa horretan sinesten dutenek, oro har, akats txiki bat egiten dute, eta emantzat jotzen dute garai bateko lana gaur egungoa baino sinpleagoa zela. Lana beti izan da erakarmen- eta kanporatze-indar zinez konplexu bat. Adibidez, soldatapeko lanak nahitaez azpiratzen ditu giza errealitate askotarikoak sistematizatzaile komun baten pean (jarduera, soldata) eta, hortaz, kultur suntsitzailea izan da beti. Horrek ez du esan nahi halakotzat jotzen zenik. Ezinezkoa zen halakotzat jotzea. Esplotazioaren eufemismo gisa, istripu baten normalizazio historikoaren ondorioz jaio zen lana, eta istripuaren garaiko zanpaketa datxekio; halaxe, halako berehalako presa bat eragiten die lanean ari direnei. Nolatan, orduan, «lanaren kultura» bat? Edo, hobeto esanda, zer baldintzaren pean? Zentzu horretan, langile andreok beti ibili izan gara txingar gorien gainean.
Garai bateko tabako fabrika, produkzio moduen aldaketak bultzatuta, gaur egungo Nazioarteko Kultur Zentroaren bilakaera ikertzen duen 12 kapituloko seriearen bederatzigarren kapitulua.