The Ambassador´s Body (Enbaxadorearen gorputza) hiru zatitan banatutako dokumental esperimentala da:
- Lanaren gaia Yves Cohen historialari egindako elkarrizketan txertatzen da. Bertan, agintaritza politikoaren gaia aztertzen da, baita iraganeko gobernuetan hori zein modutan adierazi zen ere (Frantzian, Alemanian, AEBetan, Errusian), batez ere XIX. mende amaieran. Azken gizarte gertakariak aztertuz —esaterako, Brasilgo erreboltak, Arabiar Udaberria edota Ukrainako Iraultza— lidergoaren irudia zalantzan jartzen du Cohenek, eta liderrik gabeko jendetza “adimendunak” gertakari horiek nola antolatzen dituen ere aztertzen du. Elkarrizketa amaitzeko, eztabaida ireki bat egiten da horrelako gertakari politikoetan historialari garaikideek duten paperari buruz.
- Ukrainako emakume batzuei egindako elkarrizketa batzuk —zehazki, ministro baten prentsa idazkariari, inteligentzia agentziako kide bati, aktibista politiko bati eta unibertsitateko irakasle bati, besteak beste—, horiek guztiek azken urtetan Ukraina berriro antolatzen lagundu zuten gertakarietan parte hartu baitzuten. Gertakari horien lehen eskuko lekukotza horien azalpenak oinarritzat hartuta, mundu politikoaren ikuspegi pertsonala sortzen da.
- Gobernu Onaren eta Gobernu Txarraren Alegoria freskoaren berreraikitzean dago oinarrituta hirugarren zatia. Hiru hormako errenazimenduko fresko hau, tokiko gobernuak eskatu zuen eta Ambrogio Lorenzetti artistak margotu zuen Sienako Palazzo Pubblico jauregian. 1287 eta 1355 bitarte, 9 ofizial hautetsik gobernatu zuten Sienako hiria, bakoitzak 2 hilabetean zehar izan zuen boterea agintaldi bakoitzean, eta ofizial horiek bihurtu ziren herritarren eskubideak babesteko batzordearen gune. Gure irudietan, berreraikuntzan estrak ageri dira posatzen, gobernu onaren alegoriako eszenak eta gobernu txarraren irudikapenaren zati bat erreproduzitzeko, azken hori ondoko horman ageri dena.
Proiektuaren fase honetan, hiru zatiak argi bereizita daude: irudikapen alegorikoa, lekukoen esperientzia eta historialariaren hitzak. Gure asmoa da bideoa editatzeko orduan, espazio batean ikusiko dela kontuan hartzea, baita grabazio set-erako sortutako osagarri eta objektuekin batera ikusiko dela ere. Instalazio gisa, ikusleak hautemandako narrazio pertsonal bakar bihurtzen dira elementu ezberdinak. Zatiketa horri “ordezko pieza gisako zinema” esaten diogu, zinemaren bitartekoa eta gure lanaren behin betiko formatua zalantzan jartzeko aukera ematen baitigu.
Dokumentazioa