Mundu mailan, estatu mailan zein maila pertsonalean segurtasunari buruzko kezka kolektiboa gailentzen den garai honetan, interesatzen zaigu aztertzea erresilientzia praktika ezberdinek giroa nola aldatzen duten, subjektuak nola sortzen dituzten, denborazkotasunak nola bereizten dituzten eta segurtasunaren eta segurtasun ezaren harremanak nola birdefinitzen dituzten. Erretorika politiko populistak Europan eta Ipar Amerikan hau guztia gero eta modu atzerakoiagoetan adierazten duen heinean, askotan beste pertsona batzuek sortutako mehatxuen arabera artikulatuta, zein da modu isil eta burokratikoan gobernatzen diren lehenagoko eta oinarrizkoagoko segurtasun-kontuekin duen harremana?
Etxeko bizitzako lehen mehatxuetako bat, sua, abiapuntutzat hartuta, gure lanean naturaren indar hau kontrolatzeko nahia mundu mailan bizi dugun “kontrolez kanpoko” momentu honen metaforatzat har dezakegu.
Proiektu honen abiapuntua orain gutxi lortu dugun The Saint Lawrence Burns suteen ikerketarako erabili ziren metrajearen fitxategia eta txosten zientifikoak izango dira. Etxeen suteen historian jasotako lehen frogak izan ziren aipatutakoak, sekula aurretik egin gabekoak.
Nazioarteko finantzazioaren laguntzarekin eta une hartako teknologia bisualak erabiliz, 1958ko neguan Kanadako gobernuak, Britainia Handiko zein Estatu Batuetako gobernuekin lankidetzan, zortzi eraikin erre zituen eta prozesua arreta handiz filmatu zuen. 16 mmko kamera bat, tripode gainean jarrita, sutan zeuden eraikinei begira jarri zuten, eta etxeon azken irudiak nahigabe sortu ziren, kronometro bat ezarriz markoan suntsiketaren iraupena neurtzeko. Koloretako zeluloideko pelikula sua eraikinetan barrena nola hedatzen zen enpirikoki aztertzeko tresna bilakatu zen. Ikerketa hau idatzizko txosten xehe batean jaso zen, eta hura bilakatu zen Ipar Amerikako eta Mendebaldeko Europako suteen aurkako segurtasun kodeen oinarria.
Aurrerapenaren, enpirismoaren, erresistentziaren eta teknologiak naturaren indarrak aurreikusteko eta otzantzeko gaitasunaren nozioen eraginpeko etendura dramatiko baten erdian dagoen gizarte bati dagozkio sutan dauden etxe hauen irudiak.
Tabakaleran, artista egoiliar gisa, artxiboko irudi hauek aktibatzeko metodo berri bat garatuko dugu, eta lokalizazioaren ikerketa gidoien idazketa esperimentalarekin nahastuko dugu, baita soinu, performance eta birsorkuntzarekin ere. Horrela, artxiboko irudi probokatzaile eta isil hauetara moldatzen diren giro garaikide berriak sortuko ditugu.