Imagen
Imagen
Descripcion


 

Celia Rico Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu zen Sevillako Unibertsitatean eta Literaturaren Teorian eta Literatura Konparatuan Bartzelonako Unibertsitatean. Horrez gain, ikus-entzunezko proiektuen garapenean eta script-editing delakoan espezializatutako graduondoko bat du, baita Pompeu Fabra Unibertsitateko DEA (ikasketa aurreratuen ziurtagiria) ere.

Oso saritua izan zen Luisa no está en casa film laburrarekin hasi zen gidoigile- eta zuzendari-lanetan. Hain zuzen, film hori izan zen 2012ko Veneziako Biennalean aurkeztu zen Espainiako lan bakarra. Asunción Balaguer eta Fernando Guillén izan ziren film labur horretako protagonistak, eta, besteak beste, obra La SEMINCIn, Sevillako Zinema Europarraren Jaialdian, Malagako Zinemaldian eta Gijóngo Zinemaldian proiektatu zen. Gainera, Cannesko Zinemaldiko Short Film Corner atalerako hautatua izan zen, eta 2013an film laburrik onenaren Gaudí Saria eta Col-legi de Directors de Catalunya elkargoak emandako saria eskuratu zituen. 

Edonola ere, Viaje al cuarto de una madre da haren opera prima. 2018ko Donostiako Zinemaldian estreinatu zen, eta hiru sari jaso zituen: Epaimahaiaren Aipamen Berezia, Gazteriaren Saria eta kritikaren Fedeora Saria, hain zuzen. Gainera, gidoia Berlinale Talents-eko Script Station Lab prestigiotsuan egon zen, eta filma lau Goya saritarako izendatu zuten. Besteak beste, honako izendapen eta sari hauek dira aipatzekoak: Californiako Santa Bárbara Film Festival jaialdiko New Visions ataleko Film Onenari Saria, lau Gaudí sari, Feroz sari bat, lau Asecan sari, Círculo de Escritores Cinematográficos (CEC) elkartearen hiru sari, Sant Jordi saria (RNE) eta Opera Prima Iberoamerikar Onenaren Sarirako izendapena Platino sarietan. 

Claudia Llosa zinema-zuzendariaren laguntzailea izan da Celia, eta, horrez gain, haren No llores, vuela (Berlineko Zinemaldia, 2014) filmeko bigarren unitatea zuzendu zuen. Hori gutxi balitz bezala, hamar urte baino gehiago eman ditu lanean hainbat ekoiztetxetan, besteak beste, Arcadia Motion Pictures-en (Blancanieves, Blackthorn) eta Oberon Cinematogràfican (La teta asustada, Dictado). Gainera, Pol Rodríguezen Quatretondeta luzemetraiaren (Malagako Zinemaldia, 2016) idazketan lagundu du. Bestalde, La Caixa Fundazioaren laguntzarekin antolatutako Diarios Filmados zinema autobiografikoko tailerreko zuzendaria izan da, zeina hirugarren adineko emakumeei zuzenduta dagoen. 

Berriki argitaratu du Celia se aburre album irudiduna (Penguin Random House – Boolino 2017 saria) eta haurrentzako animaziozko Mironins telesaila ere idatzi du, Joan Miróren lanean oinarrituta dagoena. 2020an zuzenduko du beste zuzendari batekin lankidetzan.  

Gaur egun, Celiak bere bigarren film luzearen proiektua du esku artean, eta, horrez gain, zuzendaritzako eta gidoigintzako irakasle laguntzaile gisa dabil Bartzelonako ECIB  eta ESCAC zinema-eskoletan eta Pompeu Fabra Unibertsitatean. Gainera, A Bao A Qu elkarteak eskola eta institutuetan egiten duen Cinema en Curs proiektuan ere lankidetzan dabil. Zehazki, zinemagintzaren arloko pedagogia-proiektu bat da. 

 

 

Contenido relacionado
Cargo - Nota descriptiva
Zinegilea 
Tipo
Artistas y Creadores