The circus (El circo), Charles Chaplin, AEB, 1928, 69’
Lasterketa batekin hasten da dena; zer beste gauza espero genezakeen Charlie Chaplin handiaren komedia mutu batengandik? Oraingo honetan, Charlot zorro-lapur batekin nahasten dute azoka batean, eta hor hasten da ikuskizuna: Charlot beldurrezko etxean. Charlot atrakzioetan. Charlot automata baten plantak egiten. Charlot, nahi gabe, zirku baten ikuskizun arrakastatsuena bihurtzen. Charlot magoa. Charlot funanbulista. Charlot lehoiaren kaiolan. Charlot mando bat jarraika duela. Charlot maitemintzen. Charlot bere bizitza arriskuan jartzen hogeita hamar metroko altueran…
Gogoan al duzue The Lady From Shangai (Orson Welles, 1947) filmean Rita Hayworthek bere irudia ispilu batean mila aldiz biderkatzen zuenean bere patu tragikoari ihes egiteko? Bada, hogei urte lehenago, Chaplinek bere sekuentziarik barregarrienetariko bat eskaini zigun polizia bat eta Charlot ispiluen gelan sartu zituenean. Eta horrela egiten du aurrera filmak, sketch bikain batetik beste sketch bikain batera; oso gaiztoak diren pertsonaia gaiztoekin, oso zintzoak diren pertsonaia zintzoekin, ezinezko maitasunekin eta barre egiteko une ahaztezinekin.
Haur zein helduek gozatuko dute film hori ikusten. Izugarri gustatuko zaizue eta barre asko egingo duzue. Askorentzat Chaplin pantaila handian ikusteko lehenbiziko aukera izango da; errepikaezina, zalantzarik gabe. Gainerakoentzat berriro elkartzea izango da; izan ere, Chaplin gure memoria sentimental eta zinemazalearen parte da.
Film honek Oscar sarietarako lau izendapen izan zituen: film onena, zuzendari onena, aktore onena eta argumentu onena. Baina azkenean, akademiak ohorezko Oscar saria eman zion Charles Chaplini, The Circus filma antzeztu, idatzi, zuzendu eta ekoizteagatik. Horrenbestez, denak zinemaraaa!
Film honek Oscar sarietarako lau izendapen izan zituen: film onena, zuzendari onena, aktore onena eta argumentu onena. Baina azkenean, akademiak ohorezko Oscar saria eman zion Charles Chaplini, The Circus filma antzeztu, idatzi, zuzendu eta ekoizteagatik. Horrenbestez, denak zinemaraaa!