Polenak informazio-sistemekin lan egiteko teknologia gisa duten potentziala ikertzen duen esku-hartzea.
Izaki bizidun guztiak, landareak eta zuhaitzak barne, bere DNAren jarraibideen arabera hazten dira. DNA da munduko informazio-sistema zaharrena eta mamitsuena; datu digitalak biltegiratzeko erabil daitekeen sistema.
Horrek aukera tentagarriei atea irekitzen die. Edozein motako irudi, testu edo musikaz osatutako artxibo digital landare eta zuhaitzen DNAn kodifikatu daiteke. Adibidez, imajina ezazu zure familiaren argazkiak haritz batean sartzen dituzula. Zuhaitza heltzen denean, datu horiek modu naturalean erreproduzitu eta belaunaldiz belaunaldi zabalduko ditu polenaren bidez.
Monika Seyfried (PL) eta Cyrus Clarke (UK/FR) bikoteak osatutako Grow Your Own Cloud kolektiboa 2017az geroztik landareen DNAn datuak biltegiratzeko aukerak aztertzen ari da.Azken lanerako, Steen Rasmussen fisikari ospetsuarekin truke bat egin zuten, sistema biziek eta bizitza artifizialak elkarri eragiteko duten ahalmena ulertzeko. Elkarrizketa Donostia International Physics Centre (DIPC) zentroaren eta Tabakaleraren arteko lankidetzatik sortu zen.
Clouds of Pollen proiektuan polenak informazio-sistemen teknologia gisa eskaintzen dituen aukerak aztertzen dira. Polena ez dago erabat bizirik, ezta hilda ere. Material mamitsua da, organismo konplexuak (zuhaitzak, adibidez) eraikitzeko behar den informazio guztia garraiatzeko modukoa. Belaunaldiz belaunaldi datuak hedatzeko gai den materiala.
Ikerketak hausnarketa bat plazaratzen du; zer gertatuko litzatekeen informazio-sistema hori bera erabili ahal izango bagenu gure datuak garraiatzeko eta honako hauek sortzeko:
-Prozesu bizidunen bidez modu naturalean datuak erreproduzitzen dituen sistema.
-Datuak naturarekin batera aldatzeko sistema, aurreikusi bezala.
-Nahi dugun bezain irekia (edo itxia) den sistema.
Giza teknologiak aurrera egiten duen eta gure “material bizidun” propioak garatzen ditugun heinean, Clouds of Pollenek bizitza-sistemek eta material bizidunek elkarri eragiteko modua aztertzen du.