Colo, Teresa Villaverde, Portugal-Frantzia, 2017, 136’ *
2016ko maiatzean galdera bat egin genion geure buruari, eta erantzun beharra genuen: “Zergatik ez ditugu ezagutzen Teresa Villaverde zuzendari lisboarraren (1966) filmak?”. Horri erantzuteko, haren lanari buruzko atzera begirako bat osatu genuen, eta, gainera, zuzendaria gure aretora etorri zen bisitan, saioetako bat aurkeztera. Orain, jada ezagutzen dugunez, ezin diogu utzi haren lan berriei adi egoteari.
Portugalgo zinemaren hirugarren belaunaldia delakoan nagusi da Pedro Costarekin batera, eta behin eta berriz parte hartu du nazioarteko jaialdietan. Haren pelikulek estilo eta unibertso zinematografiko propio bat markatu zuten berehala, Três Irmãos (1994), Os Mutantes (1998) eta Transe (2006) filmen emanaldietan egiaztatu genuen moduan. Orain, haren lanari buruzko errepasoa osatuko dugu haren azken filma proiektatuta, zeina aurtengo Berlinaleko atal ofizialean aurkeztu baitute.
Haren bereizgarriek hortxe diraute: lotsagabetasuna, tentsioa, indar bisuala, mugan dauden pertsonaiak eta zinemaren aukera eta mugen esplorazioa… Kasu honetan, eguneroko istorio bat kontatu du, krisi ekonomikoaren ondorioak jasaten dituen familia batena: aita langabezian, ama lanaldi bikoitzak egiten, alaba nerabea ihes eginda.
Zuzendariaren beraren hitzetan, “Colo gaur-gaurko gogoeta lasai bat da, Europako gizarteak hartzen ari diren bideari buruzkoa; gure isolamenduari buruzkoa; zailtasunak daudenean sortzen zaigun nahasmenari buruzkoa; eta hirian nahiz familian ditugun bizimoduei buruzkoa”.
* Saioak: Abenduaren 23an (JBAES) eta abenduaren 29an (JBAES+EU)
Zuzendariaren beraren hitzetan, “Colo gaur-gaurko gogoeta lasai bat da, Europako gizarteak hartzen ari diren bideari buruzkoa; gure isolamenduari buruzkoa; zailtasunak daudenean sortzen zaigun nahasmenari buruzkoa; eta hirian nahiz familian ditugun bizimoduei buruzkoa”.