Kursaalek Tabakalera gonbidatu du, Gabonetarako fatxadako argiztapena arte digitalaren sorkuntza izan dadin. Fatxada obra artistiko bihurtzeko lehen lankidetza- esperientziaren ondoren, Kursaalek Tabakalera izango du berriro, zehazki, Medialab sorkuntza eta kultura digitalerako espazioa, proposamen artistiko berri bat garatzeko, eguberri hauetan fatxadan proeiktatzeko.
Tabakalerako Medialaben sortutako Denbora Latente esku-hartzea adimen artifizialean oinarritzen da eta Kursaaleko fatxadan denboraren joana
berrinterpretatuko du. Segundoak, minutuak, urteak…artifizialki sortutako irudiek denbora irudikatuko dute. Gabon garaietan, normalean denbora berrikusten dugu, baina urtearen gainerakoan ezkutuan dagoela dirudi. Horrela, LED argiztapen-fatxada ikonikoak denbora horren dimentsio bat erakutsiko du, sare neuronal sortzaile aurkariak (GAN) erabiliz denboraren espazio infinitu baten isla izango da.
Denbora Latente sortzeko, bi sare neuronal sakonek osatzen dituzten sare generatibo aurkarietan oinarritutako adimen artifizial bat erabili da: irudiak sortzen dituen sare bat eta horiek epaitzen dituen beste bat. Bi sareek elkarrekin hitz egiten dute, aurrez bereizten ikasi duten irudiak sortzeko. Batak irudiak margotzen ditu eta besteak irudi hori egokia den kritikatzen du. Elkarrizketaren ondorioz, sare neuronalek irudi berri eta
amaigabeak sortzen dituzte. Adibidez, kritikatzen duen sare sakonari basoen irudiak eman badizkiogu, sare sortzaileak baso aldaketa amaigabeak eskainiko ditu.
Kursaaleko fatxada, beraz, bertan sortutako irudikapenen artean mugitzeko espazioa izango da, denboraren joana islatzen duena.