Aurtengo edizioan jasangarritasuna eta berrerabilpena oinarrian daukaten egitasmoetan jarriko dugu arreta, soiltasunaren, funtzionalitatearen eta materialen zirkulartasunen balioa azpimarratuz.
Eginzaleak! "Egitearen" kulturari buruzko topagune bat da, non dinamika kolaboratiboen, kultura digitalaren eta praktika irekien inguruko proiektuak biltzen baitiren. Medialaben egindako lanaren erakusleihoa da, eta antzeko logikak darabiltzaten beste egitasmo eta eragile batzuk ere gonbidatuak daude bertara.
2013an jaiotako ekimena da Eginzaleak!, maker eta hacker izpirituetatik abiatuta. Arlo ezberdinetan hiritarrek egindako proiektuak lotzen ditu, hala nola sorkuntza, fabrikazio digitala, diseinua, berrerabilpena edota kodearen erabilera berriak. Guzti horiek ireki, artisau, partekatu eta zeharkako praktiken emaitza dira, eta Medialab Tabakaleraren eginbideak islatzen dituzte, bai eta bere programetan parte hartu eta kolaboratzen duten erabiltzaile komunitateenak ere. DIY (Do It Yourself) eta DIWO (Do It With Others) filosofiei erantzuten diete, hau da, zuk zeuk eta besteekin batera egitea aldarrikatzen dutenei, eginzaletasuna eta lankidetza aldarrikatuz era berean.
Aurtengo edizioan jasangarritasuna eta berrerabilpena oinarrian daukaten egitasmoetan jarriko dugu arreta, soiltasunaren, funtzionalitatearen eta materialen zirkulartasunen balioa azpimarratuz. Tabakalera eta Medialab bezalako espazioak hiritarren topaleku diren neurrian, honen gaineko kontzientzia sustatzeko baliagarriak izan daitezkeen tresnak eskaintzeko aukera eta betebeharra daukate, izan ere, norberak egin eta besteekin egiteaz gain, modu jasangarrian egitea ere ezinbestekoa delako.
Eginzaleak! egindakoa zabaldu, proiektuak indartu, beste esperientzia batzuk ezagutu eta dinamika berriak sortzeko aukera bat da.