Izen-ematea Tabakaleraren webgunean egin beharko da, eta horretarako, online formularioa bete eta dokumentazio hau erantsi beharko da, hurrenkera honetan:
1. Harremanetarako datuak: izen-abizenak, posta helbidea, helbide elektronikoa eta telefono zenbakia. Proiektua kolektibo batek aurkezten badu, ordezkari bakar bat esleituko da proiektuaren solaskide gisa.
2. Proiektuaren azalpena eta proiektuaren fasea Tabakaleraren egonaldian garatzeko arrazoien azalpena (gutxienez, 500 hitz, eta gehienez 1000 hitz).
3. Proiektua edo lana irudi bidez adierazteko material grafikoa edo bestelako materialak.
4. Aurretik garatutako 4 lan, gutxienez, aurkeztea, bakoitzaren irudiak erabiliz.
5. Tabakalerako egonaldiaren gutxi gorabeherako aurrekontu xehatua eta beharrizanen aurreikuspena aurkeztea.
6. Aurrez ikusitako lan-egutegia.
7. CVa eta biografia laburra edo sozietatearen historia (500 hitz).
Dokumentazioa agiri bakar batean aurkeztu behar da, PDF formatuan (gehienez 10 mega, 10 orrialde). Artxiboaren izena honelakoa izan behar da: izena_abizena_modalitatea; adibidez: martin_bilbao_arte_zientzia_teknologia_eta_gizartea. Txostena gaztelaniaz, euskaraz edo ingelesez egon behar da; gaztelaniaz edo euskaraz badago, nahitaez laburpen bat bidali beharko da ingelesez. Horrela egiten ez bada, epaimahaiak eskubidea du proiektua baztertzeko.