El Sabor de las Cerezas, Abbas Kiarostami, Iran, 1997, 98’, JABEU
Datorren udan beteko da urtebete Abbas Kiarostami maisua hil zela. Zaila da Kiarostamiz jardutea maisu esan gabe, begiratzeko eta irudiak sortzeko modu berri bat asmatu zuen norbaiti buruz ari garelako seguruenik.
Ibilgailuek, espazio intimo gisa, garrantzia handia daukate bere obran eta, egia esan, bere filma gehienak izan daitezke road movie gisa hartuak; baina zintzoak izateko oinezko ibilbideak erregistratuz osatutako pelikulak ere hartu beharko genituzke kontuan, El Viajero (1974) edo ¿Dónde está la casa de mi amigo? (1982) esaterako. Kiarostamik interes handia du ibiltaritzan, etengabeko bilaketan, eta bilaketa horretan bada dimentsio izpiritual bat gauza xinpleenetan azaleratzen dena. 1997an urrezko palmorria irabazi zuen El Sabor de las Cerezas pelikulak abiapuntu argia eta garbia dauka, gizon batek bere buruaz beste egin nahi du eta lagunduko dion norbait behar du. Konplize bat behar du bere suizidioa gauzatzeko. Laguntza eskeak ukazioa eta izua sortzen du bere solaskideengan, bizitzari ezusteko maitasuna darie euren errakzioei , Badiiren, gure antiheroiaren, nahiari aurka eginaz; bere bizimina amaitzeko gogoak, filma traszendentzia sakon batez betetzen du. El Sabor de las Cerezas pelikula solastua da neurri handi batean, baina Kiarostamik hizketaldi pentsakor horiek filmatzeko daukan modua, umiltasun osoz plano-kontraplano logika erabiliz, zirraragarria da erabat. Zinemaren esentziara hurbilduz bizitzaren esentziara hurreratuko balitz bezala.
1997an urrezko palmorria irabazi zuen El Sabor de las Cerezas pelikulak abiapuntu argia eta garbia dauka, gizon batek bere buruaz beste egin nahi du eta lagunduko dion norbait behar du.