Descripcion Larga

Europak apustu garbia egin du klimaren neutraltasunaren, jasangarritasunaren eta ingurumena zaintzearen alde, garapen ekonomiko eta sozialaren ildo estrategiko gisa. Europako Itun Berdea (Green Deal) da EBk arlo horretan egiten dituen ahaleginak biltzen dituen arau-ardatza, eta “jarduera kolektiboko” esparru bat planteatzen du, normalean laguntzen ez duten pertsonen, sektoreen eta erakundeen arteko akordioa, lankidetza eta ekintza partekatua eskatzen duena. Zalantzarik gabe, erronka bat da.

 Aclima Ingurumeneko Euskal Klusterrak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Tabakalerak sustatzen dute Ereiaroa, eta proiektuaren helburua da ingurumen-, kultura- eta sorkuntza-sektoreetako eragileen arteko baterako sorkuntza-prozesua erraztea, haien gaitasunetatik abiatuta, eta trantsizio ekologikoaren erronkei erantzungo dieten enpresen arteko lankidetza, berrikuntza eta dibertsifikazioko eremuak identifikatzeko aukera ematea. Lurraldearekin eta hango eragileekin lotura handiagoa duten eraldatze-prozesu jasangarri eta sortzaileen aldeko apustu bat da. Proposamenak eta soluzioak sortzeko aukera bat. Proposamen eta soluzio horiek garatu egin daitezke, eta zerbitzu, produktu, material eta jarduera jasangarri, osasungarri, zirkular eta erantzunkideagoak ekarri.

 

EREIAROA

EREIAROA proiektuaren bidez, sektore arteko lankidetza-oinarriak ezarri nahi dira ingurumenaren eta kultura eta sormenaren esparruen artean; bi sektore horiek estrategiko bihurtu dira, eta Europako ekonomiaren suspertzearen bultzatzaile dira. Proiektuaren garapenak arlo hauetan jartzen du arreta: 360º-ko hiri berroneratzea eta lurralde erresilienteak; naturan oinarritzen diren soluzioak, hiri-ingurunean, hirien inguruetan eta landa-ingurunean integratuak; ekonomia zirkularra; baliabideen kudeaketa eraginkorra eta ziklo ekoeraginkorrak eta bizi-kalitatea; ingurumen-kalitatea eta osasuna hobetzea.

 Lan-eremu horiek lehentasuna dute ikuspegi globala eta tokiko ikuspegia lotzen dituzten esparru estrategikoetan; besteak beste, NBEren Agenda 2030ean eta EBren New European Bauhaus proiektuan, eta, Euskadin, Klima-aldaketaren aurkako KLIMA 2050 estrategian eta BULTZATU 2050 Hiri Agendan.

 Sektoreen arteko hibridazio hori bilatzeko, elkarrekin erlazionatutako lau topaketa eta lan kolektibo egingo dira. Erabat erlazionala eta talde-lanean oinarritua denez, zentzu zabalean eta diziplinez harago ekoindustriaren eta ingurumenaren alorretan eta kulturaren eta sormenaren alorretan lan egiten duten enpresa, erakunde eta profesionalei zuzendua dago. Saio horietan, eremu potentzialak identifikatzeaz eta parte-hartzaileen arteko lankidetza bilatzeaz gain, aurreproiektuak definituko dira aukera-agertokietatik abiatuta, eta ondorengo garapenean oinarrituko da: bazkideak bilatzea, deialdietara aurkeztea, etab.

 EREIAROA proiektuaren % 80 Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak finantzatzen du, “Gipuzkoako enpresa-sarean aukerak, balio bereizgarria eta jasangarritasuna sustatzeko” programaren bidez, EKONOMIA SORTZAILEA eremuan. Tokiko ekonomiari eta enpleguari egiten dioten ekarpenari dagokionez Gipuzkoan ordezkaritza handia duten bi sektoreren lehiakortasuna hobetzera bideratuta dago EREIAROA.

 

DEIALDIA

Zentzu zabalean eta diziplinez harago ekoindustriaren eta ingurumenaren alorretan eta kulturaren eta sorkuntzaren alorretan lan egiten duten enpresa, erakunde eta profesionalei zuzendua dago EREIAROA, eta gaurtik otsailaren 28ra arte eman daiteke izena bertan. Deialdiaren oinarriak Tabakaleraren eta Aclimaren webguneetan daude.

 

PARTZUERGOA

Bi erakundek garatu dute EREIAROA elkarrekin: Aclima, Basque Environment Cluster, ingurumen-sektorearen ordezkari gisa; eta Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa, zeina New European Bauhaus ekimenaren parte baita. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuaren Ekonomia Sortzailea programak finantzatzen du proiektua.

 Aclima: Aclima Basque Environment Cluster Euskadiko ingurumen-sektorea biltzen duen erreferentziazko klusterra da, 26 urtez baino gehiagoz egindako lanari eta eskuratutako eskarmentuari eta jakintzari esker. Barnean hartzen ditu hala sektore pribatua (industriak eta zerbitzuak) nola jakintzaren esparrua (unibertsitateak eta zentro teknologikoak) eta sektore publikoa. Gaur egun, 107 bazkide ditu; haietatik 78 enpresak. Eta 6 balio-kate hauek ordezkatzen ditu: hondakinak, uraren ziklo osoa, lurzoru kutsatuak, airea, ekosistemak eta ekodiseinua.

 Tabakalera: Kultura garaikidearen nazioarteko zentro bat da, Donostian kokatua, eta kultura-proiektu eta -erakundeen arteko lankidetza jasotzen eta sustatzen du. Kultura- eta sorkuntza-sektorea babestea, euskal gizartearen sorkuntza- eta kritika-gaitasuna garatzen laguntzea eta kulturarako irismena eta gozamena erraztea da haren eginkizun partekatua. Sorkuntza-zentro gisa, talentua bultzatzea, sorkuntza garaikidea gizarteratzea eta kultura- eta sorkuntza-sektoreak gainerako sektoreei eta gizarteari egiten dien ekarpena sustatzea da Tabakaleraren helburu nagusia.

 Gainera, kultura-erakunde gisa, Tabakalerak erantzukizuna hartu behar du jasangarritasunari dagokionez, eta arteek eta herritarren berrikuntzak jasangarritasunari eskain diezaioketen rola birpentsatzen eta ezartzen lagundu dezake, bai ekonomia zirkularraren mesederako diseinu bat izanda, bai hiri eta bizikidetza-modu jasangarriagoaren inguruan hausnartuta . Kultura- eta sorkuntza-sektoreko eragileen arteko lankidetza, Medialab herritarren sorkuntza bultzatzeko espazioak eta zentroak eskaintzen duen topaketarako, hausnarketarako eta eztabaidarako guneak ezinbesteko aldaketa bultzatzeko ahalmen aparta dute.

Imagen Listado
Imagen
Ereiaroa - Tabakalera
Imagenes Detalle
Imagen
ereiaroa deialdia 2022
Fecha
Descripción Corta

EREIAROA proiektuak, zeina Basque Environment Cluster-ek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Tabakalerak sustatzen baitute, sektore arteko lankidetzarako oinarriak ezarri nahi ditu Gipuzkoako ingurumenaren eta kultura eta sormenaren arloetan.