70eko hamarkadaren hasieran jaiotako emakumeek egindako euskal zinemaren historian barrena eginiko errepasoaren helburua zuzendari horien talentua eta lanak nabarmentzea da.
Gaur egun emakume zuzendari euskaldunek osatzen duten basoa biziagoa eta oparoagoa da. Zabaldu egin da; baso aberatsagoa eta anitzagoa da. Landareak eta zuhaitzak indartsuagoak dira, eta osasuntsuago hazten dira. Eta humus emankorrak kimu berriak sorrarazten ditu. Sormenaren eta aniztasunaren ikur diren kimu sendoak. Atzera begira, oro har, euskal zinemaren paisaiari erreparatzen badiogu, zalantzarik gabe, aldaketa erradikalak ikusiko ditugu. Eta, akaso, aldaketa garrantzitsuena, hain zuzen ekoizpen eta errealizazio zinematografikoaren eremu guztietan emakumeen presentzia gero eta handiagoa da. Agerian daude, asko dira eta haien lana oso garrantzitsua da.
Eta preseski horri buruz hitz egiten du aurten gure programazioari hasiera emango dion lehen dokumentalak. Bertha Gaztelumendik eta Rosa Zufíak ikuspegi panoramiko bat aurkezten digute, non gauden eta nondik gatozen aztertzeko. Arnasa betean ez da garaipen-oihu bat; baina, aurretik bide luzea dugun arren, egoera aldatzen ari dela egiaztatzen du. Zinemaldian estreinatuko da eta Euskadiko Filmategiaren aretoetan ikusgai izango dugu. Era berean, Zinemalditik zuzenean animazio obra bikain bat iritsiko zaigu: Isabel Hergueraren lehen film luzeak, El sueño de la sultana, Sail Ofizialean sartzea lortu du. Zentzumenak pizten dituen lana da. Matrioskas filmean, Helena Bengoetxeak gerrako umeak izan ziren hainbat emakumeren erretratu hunkigarri eta bizia egiten du. Eta Próxima estación obran, Estela Ilárraz Madrilgo komunitate ekuadortarraren, sorterritik urrun etorkizuna eraikitzen saiatzen diren emakume eta gizonen munduan murgiltzen da.
Bestetik, hurbilekoak ditugu Jone Karresek Eneko Olasagastirekin batera zuzendutako Alardearen seme-alabak dokumentaleko emakume protagonistak. Dokumentalak aztergai du gure bi euskal hirietako jaietan berdintasunaren inguruan oraindik dirauen gatazka. Izaskun Arandia, aldiz, Londresera joan da, My Way Out dokumentalari titulu ematen dion TheWayOut aretoaren 30. urteurrena ospatzera. Areto hartan Londreseko trans komunitateak lasai hitz egiteko eta disfrutatzeko babeslekua aurkitu zuen. Iurre Telleriaren eta Enara Goikoetxearen Azken bidaia filmean ingelesa, frantsesa, euskara eta gaztelania entzuten dira. Zuzendariek hurbilketa egiten dute Bigarren Mundu Gerran jende asko naziengandik babestu zuen Comète sarera. Eta Olatz González de Abrisketa zinemagile eta antropologoa, Jørgen Leth daniarrarekin batera, gure kirol kuttunenetako batean, pilotan, murgiltzen da. Pelota II obran, zale askorentzat ere ezezaguna den oinarrizko alderdi batean jartzen du arreta: partidetarako materialaren hautaketa. Irrintzien oihartzunak filmean, Iratxe Fresnedak euskal zinemaren aitzindarietako bat izan den Mirentxu Loyarteren figura aldarrikatzen du. Bi obra besterik zuzendu ez bazituen ere, sortzaile gisa aztarna utzi zuen eta, emakumea izan ez balitz, batek daki zer-nolako ibilbidea egingo zukeen. Azkenik, gizon bati buruz ari den emakume batek emango dio amaiera zikloari. Leire Apellanizek, El último verano filmean, zinema digitala iritsi zenean behin betiko gain behera etorri ziren udako zinema-aretoen azken defendatzaileetako bat aurkezten digu.
Hauxe da, ziklo honen hirugarren denboraldian, udazken honetarako Euskadiko Filmategian prestatu dugun programa erakargarria: 1970eko hamarkada-hasieran jaio ziren emakume zuzendarien lanak, alegia. Euskal zinema sendotzeko kalitatea, aberastasuna eta aniztasuna.