Emakumeei buruz hitz egiten duten emakumeak
Honekin jada lau ziklo berezi bezain beharrezko eskaini dizkiegu euskal zinema-zuzendari emakumezkoei. Eta oraindik ere geratzen da besteren bat. Beti utzi izan da bazterrean emakumeen begirada, emakume errealizadoreen ikusmoldea, makina bat gizonen begiradaren atzean ezkutaturik. Eta ziklo honek errealitate pozgarri bat jartzen du mahai gainean: hortxe dago begirada hori, beti egon da hor. Eta bidezkoa bezain kitzikagarria da ospatzea.
Ziklo honen eraikuntza gidatu duen denbora-irizpideari jarraituz, joan den mendeko 70eko hamarkadaren amaieran eta 80koaren hasieran jaiotako zinemagileen txanda izango da aurten. Haien errealitatea ez da aurrekoek bizi izan zutenaren bera, eta desberdinak dira haien pertzepzioa, interesak eta begiratzeko modua ere. Zenbait ezaugarrik bereizi egiten dituzte emakumeok aurrekoetatik, baina beste askok eta askok lotu egiten dituzte guztiak. Leku propio bat aldarrikatzeak batzen ditu batzuk zein besteak, eta emakumeek funtsezko eginkizuna dute arian-arian sorturiko ekosistema horretan.
Edizio hau osatzen duten fikziozko filmetan eta dokumentaletan, emakume errealizadoreek luze-zabal hitz egiten dute emakumeez, haien munduaz, beren buruaz, lankide eta adiskideez, bidea ireki zuten emakumeez eta ondoan jarraitzen dutenez ere. Bata bestearekin antz handirik ez duten hiru erretratuk moldatzen dituzte hiru figura: aurten mendeurrena duen Néstor Basterretxea Señales de vida: Néstor Basterretxea lanean (Gentzane Martínez de Osaba eta Alejandro García de Vicuña); Elbira Zipitria frankismo garaiko ikastolen aitzindaria (Muga deitzen da pausoa izeneko denboraz kanpoko elkarrizketa, Maider Oleaga); eta Eulalia Abaitua XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako Bilboko argazkigintzaren aitzindaria (Ainhoa Urgoitia eta Enrique Reyren Norberaren gela lanean). Istorio pertsonalagoak dakarzkigute Amaia Nerekanek eta Arantza Santestebanek. Lehenbizikoak Bost minutu lanean aztertzen du zeinen latza den ama gazte batentzat eta semearentzat aita urruneko espetxe batean preso egotea. Bigarrenak, berriz, hausnarketa serio eta gordin bat egiten du 918 gau lanean, eta kontatzen du zer-nolakoak izan ziren berarentzat espetxean eman zituen 918 gau haiek eta zer distantzia dagoen kartzelan sartu zen emakumearen eta presondegitik irten zenaren artean. Badira beste bi istorio kolektibo ere. Bata, Bilboko Euskalduna ontziola ahaltsua ixtea saihesteko senideekin batera orpoz orpo borrokatu ziren emakumeena (Nosotras, mujeres de Euskalduna, Larraitz Zuazo). Bestea saskibaloi-kantxetan, kiroldegietan, aldageletan, hoteleko geletan eta, finean, Cabeza y corazón (Ainhoa Andraka eta Zuri Goikoetxea) filmeko protagonistek partekatzen dituzten espazioetan gertatzen da; dokumental horrek Espainiako gurpil-aulkiko saskibaloiko emakumezkoen selekzioa du hizpide, baita Paralinpiar Jokoen azken ediziorako lortu zuten sailkapena ere. Tamara García Iglesiasen Zarata filmeko pertsonaiak, bestalde, esperimentazioak, dokumentalak eta fikzioak bat egiten duten eremuan mugitzen dira. Botere-harremanak; eremu profesionala eta pertsonala erabat zapuzten duten harreman toxikoak. Arantza Ibarra eta Luisje Moyano zuzendarien La ama filma giroturik dagoen landetxean, berriz, mundu ilun eta arriskutsuak ikusiko ditugu. Dominazioaren eta sadomasokismoaren bondage munduak are inguruabar ilunagoak ezkutatzen ditu. Tratamos demasiado bien a las mujeres filmean, Clara Bilbao zinemagileak Carmen Machi ausart askoa aurkezten digu. Makien garaian girotutako gerra-kontakizun horretan, Machik argi eta garbi dauka bera dagoela lehen tokian, baita bigarrenenean ere. Azken kontakizuna gure egunotan girotua da. Cinco lobitos filmarekin, Alauda Ruiz de Azúak arrakasta lortu zuen Malagako Zinema Jaialdian, eta hiru Goya lortu zituen duela pare bat urte, amatasuna, nahasmena, mina, maitasuna eta itxaropena uztartzen dituen istorio batekin.
Emakumeei buruz hitz egiten duten emakumeak. Baita gizonez ere. Bizitzaz, borrokaz, lanaz, kariñoaz, adiskidetasunaz eta amodioaz dihardutenak. Guztiaz mintzatzen diren emakumeak. Beren ahotsekin.