Ezer hoberik Conxita beraren hitzak baino lantegian parte hartzera animatzeko:
“Gogoan dut komiki marrazkilaria ez nintzela uste nuenean, inoiz ez nuelako komiki bat egin. Nire izaera arduragabea dela-eta, aspaldiko egun batean, adoretu egin nintzen, mahaian eseri nintzen eta nire bizitzako lehen komikia marraztu nuen. Hiru orrialde zituen eta tipula batek haurdun uzten zuen neskaren istorioa kontatzen zuen. Denbora pasa ostean, neskak tipula bat erditzen zuen. Medikuak beldurtu egin ziren eta haur-tipula erditik moztuz akabatu egin zuten. Neskak haurraren hutsagatik negar egiten zuen, eta medikuek ere negar egiten zuten, tipula mozteak negarra eragiten baitu. Komikia marraztu aurretik hau bakarrik nuen: istorio bat, irudi batzuk, errotulagailuak, mahai bat, aulki bat eta bi esku. Komikia marraztu ondoren gauza bera nuen baina horrez gain, komiki istorio motz bat ere banuen. Badirudi momentuan erabaki nuela ez zela hain lan hain konplikatua, azken batean, gai izan bainintzen nire helburua betetzeko, komiki bat marrazteko, alegia.
Harrezkero, istorio gehiago bururatu zitzaizkidan eta prozedura bera errepikatu nuen. Denbora pasa ahala gauza berriak ikasi nituen, arazo berriak agertu zitzaizkidan eta horiei erantzuna emateko konponbideak aurkitu nituen. Esan daiteke, denbora aurrera zihoan heinean, komikigile batean bihurtzen hasi nintzela.
Orain, urte batzuen ondoren, hain naiz komikigile ezen toki batera joan bainaiteke gai honen inguruko lantegi bat ematera. Badirudi norbaitek legitimatu egin nau hau egiteko eta mundua oso leku arraroa bilakatu da. Gauza da ni, egia esan, hasieran bezala nagoela: istorio batzuk ditut buruan, irudi batzuk, errotulagailuak, mahai bat, aulki bat eta bi esku. Beldurrak hor jarraitzen du; egiten ez jakitearen beldur, nire helburu narratiboa ez gauzatzearen beldur, kontatu nahi dudana inoren interesekoa ez izatearen beldur. Komikirik marrazten ez nuen garaian bezala sentitzen naiz. Imajinatzen dut lantegira etorriko direnak egoera honen antzerako batean egongo direla, eta nola beldur izatea (beti) kaka bat den, etor zaitez beldur hori atzean uztera. Nik beldurraren istorioa fresko dut; egunero egiten diot aurre. Esperientzia dudala uste dut, honetaz hitz egin dezaket eta irtenbideak sor ditzaket: beldur izugarria dudala esaten dizuedan bezala, esan dezaket, baita ere, zorionez, beldurrari aurre egiteko modu asko aurkitzen ditudala. Eta hau da lantegian egiten saiatuko garena: konponbideak aurkitzen (estilistikoak, narratiboak, formalak, asmatutakoak…). Eta komikiak marraztearen beldurretik pixka bat urrunduko gara”.
Conxita Herrerok emandako bineten sorkuntzara sarrera lantegia.