[Film Not Found_Try Again] argazki-proiektua aurreko proiektu batetik sortua da; aurreko proiektu hori Marina Palacioren jatorrizko ideia zen.
[Film Not Found_Try Again] argazki-proiektua aurreko proiektu batetik sortua da; aurreko proiektu hori Marina Palacioren jatorrizko ideia zen eta gertuen zituen pertsonekin batera egin zuen egileak. Orain, lau urte geroago, proiektua berrabiaraztea lortu du, Zinemaldiko hainbat sailetatik datozen edo zinema-sektoreko kide izateagatik Zinemaldiarekin lotuta dauden zenbait pertsonaren parte-hartzeari esker.
Zinemako kartel faltsuak asmatu, sortu eta diseinatzean datza. Kartel faltsu horiek protagonisten errealitatea (osoa edo partziala) transmititzen dute irudi eta testuen manipulazioaren medioz; gainera, protagonistak euren buruaz mintzatzen dira kreditu-tituluen ohiko lekuan doazen zenbait testu txikitan.
Behin proiektua Donostia Zinemaldiaren eremura eraman ahal izan dela, erretratatutako pertsonak –Zinemaldiaren egituraren barnean gutxien ikusten direnak–, inoiz existitu ez diren eta sekula existituko ez diren filmen karteletako protagonista bihurtzen dira; horrenbestez, kartelek milaka istorio bil ditzakete aldi berean.
Aldi berean, eta istorio posible horietako gutxienez batera iristen saiatuz, Jesús Palaciok, eta bere alabaren lankide gisa jardunez, kartel horiek online irakurtzeko kontakizun banarekin osatu du.
Eta Zinemaldiaren 70. urteurrena ezin aukera hobea da, gainera, edizioz edizio Zinemaldiaren martxa onerako ezinbestekoak izan diren baina fokuen atzean geratu izan diren ehunka pertsona horiek omentzeko, oraingoan kameraren aurrean jarri diren noizbehinkako aktore horien bitartez.