Irudia nagusi den garaiotan, guk hitzarekin elkartuko dugu. Idazketa sortzailea erabiliko dugu horretarako. Zentzumenak piztu, emozioak esnatu, eta oroimena eta irudimena estekatuko ditugu, hitza irudiari lotzeko adiskidetasun askean.
Testu laburrak eta irudi mota desberdinak jarriko ditugu jokoan. Guztia, lau goizez, urtarrileko lehen astean, lantegi giroan, elkarrengandik ikasiz.
Hau da lantegiaren kronograma:
Urtarrilak 2 -- Hitzak eta irudi grafikoa
Irudi grafikoekin arituko gara. Zenbait irudigileren ilustrazioak aztertu ondoren, testu txikiak sortuko ditugu, jokabide desberdinekin: hitza irudiaren lagun, hitza irudiaren kontrapuntu, hitza irudiaren osagarri.
Urtarrilak 3 -- Hitzak eta argazkiak
Argazkiak izango ditugu hizpide. Norberarenak erabiliko ditugu eta baita besteenak ere. Argazki zaharrak eta berriak, koloreetakoak nahiz zuri-beltzak. Argazkien atzean gorderiko ahotsak azaleratuko ditugu mikroipuin eran, olerki itxuran edota aforismo iradokitzaile modura.
Urtarrilak 4 -- Hitzak eta ikus-entzunezkoak. Irudiaren aurretik, gidoia
Hitzak eta ikus-entzunezkoak jarriko ditugu harremanetan. Ideia, pertzepzio, emozio edo sentsazio baten hazitik abiaturiko prozesua garatuko dugu gidoi labur bat idazteko. Edo horretan saiatuko gara, behintzat.
Urtarrilak 5 -- Hitzak eta ikus-entzunezkoak
Hitzak eta ikus-entzunezkoak hartuko ditugu hizpide berriro, baina alderantzizko bidaia eginez, irudien gainean testuak sortzeko.
Yolanda Arrietak eskainiko duen lantegi honetan hitza eta irudia erlazionatuko ditugu.