Espazio-itxurako pieza artistikoa da Holobot. Bertan elkartzen dira sare sozialetako erabiltzaileen arteko loturetako batzuk, eta errealitate begetal holografiko batean hibridatzen ditu.
HOLOBOT. SOCIAL GARDEN espazio-itxurako pieza artistikoa da. Bertan elkartzen dira sare sozialetako erabiltzaileen arteko loturetako batzuk, eta errealitate begetal holografiko batean hibridatzen ditu. Robot industrialak, interprete-lanak eginda, erabiltzaileen interakzio sozialak alegiazko lorategi handi baten itxurako konposizio bilakatzen ditu. Hori osatzeko, bertaratutakoen parte-hartzea eta sare sozialetako jarduera baliatuko ditu, Bilbao Exhibition Center-en ekainaren 13tik 17ra egingo den Makina-Erremintaren Nazioarteko Bienalaren 31. edizioan zehar. Horren helburua da teknologiaren eta naturaren arteko analogia sortzea, gizarte-testuinguru jakin batean, non teknologia eta giza-interakzioak saihetsezinak diren. Holobotek, bere begiradaren eta kontzientzia ekosistemikoaren bidez, nolabaiteko alegiazko izakiz osatutako paisaia bat marrazten du.
Horretarako, beso robotiko batez osatua egongo da pieza, eta, mugimendua eta argia erabiliz, irudiak sortuko ditu. Holobotek sortutako irudiak sare sozialetan izandako interakzioen eta azokara bertaratutakoekin izandako komunikazioaren emaitza izango dira. Holobotek ezarritako hashtagen bat erabiltzen duten guztiak atzeman eta simulatutako errealitate begetal itxuraz irudikatuko ditu. Robotak inguruko erabiltzaileen inputak jasoko ditu, haien irudi pertsonalizatu eta eraldatua sortzeko. Horretarako, mugimendua eta led-seinaleen igorgailu bat erabiliz, argi-irudi bat erreproduzituko du. Kamera batek jasoko du argi-sorta hori. Gero, behin betiko irudia sortuko du, eta landarez eta izakiz osatutako lorategi handian txertatuko du, Twitter eta Instagram sare sozialetan argitaratuta.
Gizatiarra baino ez den sozializazioaren auzia sakon aztertzen du Holobotek. Sozializazio hori gero eta errazago aurreikusi eta kopia daiteke, hala funtsean nola forman. Holobotek hirugarrenen sare sozialekin modu automatikoan elkar eragiteko sistema bat dauka, eta azokako interakzio eta lagunen bildumagile-lanak egingo ditu. Halako izaki bat sortzean, adierazpen artistikoaren bidez bere ingurune sozialarekin elkarrizketa sortzen duen sare sozialetako bot bati forma fisikoa ematea bezain gauza sinplea proposatzen da.
Azken urteotan, landareak, lurpetik, bulkada elektrikoen bidez komunikatzen direla jakin dugu. Sistema horri landareen Interneta edo Wood Wide Web deitu diote. Erroz, mikroerrizomaz, onddoz eta mantenugaiz osatutako sare horrek izaki bizidunen arteko sare sozial ekosistemiko baten itxura du. Era berean, gizakiak Internet, XXI. mendeko tresna nagusia, eraiki du, lurraren eta itsasoaren azpian, sare-itxuran. Alabaina, jende gehienak uste du sareen sarea hodei handi bat dela, ukiezina, garbia eta materiarik gabea. Aldiz, Wood Wide Web-en errizoma-sarearen antzera gurutzatzen eta zabaltzen diren eta kablez, plastikoz eta mineralez osatuta dago sare hori, eta, kasu honetan, gure etxeak eta gu denok konektatzen gaitu, informazio-baso handi bateko landareak eta haziak bagina bezala.
Holobot. Social Garden Tabakalera Nazioarteko Kultura Garaikidearen Zentroaren eta VR Kommand-en artelan bat da, Tekniker eta KUKArekin lankidetzan egindakoa, eta Eusko Jaurlaritzaren babesa duena.