Texto Destacado

Margotutako begi handi batzuek begiratzen digute, eta abesti bat entzuten dugu irratian: Mickey & Sylviaren Love is strange. Hollyren (Sissy Spacek) oin hutsek eta Kiten (Martin Sheen) cowboy botek musikaren erritmoari jarraitzen diote.

Multimedia
Imagen
Ihes puntua
Lugar
Pasada?
Si
Descripción Larga

Margotutako begi handi batzuek begiratzen gaituzte, eta abesti bat entzuten dugu irratian: Mickey & Sylviaren Love is strange. Hollyren (Sissy Spacek) oin hutsek eta Kiten (Martin Sheen) cowboy botek musikaren erritmoari jarraitzen diote. Baso batean daude, ezkutatuta. Noraezean, ihesean dabiltza, gizonak emakumearen aita hil baitu. Kitek James Dean dirudi; hura baino hamar urte gazteagoa da Holly, nerabea. Badlands (1973) filmeko protagonistak dira. Film hori Terrence Malicken opera prima da, eta Charles Starkweather-en eta Caril Ann Fugate-ren istorio errealean dago oinarrituta. Bi hiltzaile gazte horiek legeari ihes egin zioten 1958an, Hego Dakotan zehar. Holly eta Kiten ihesak Tabakalerako Ihes Puntua udako zikloari emango dio hasiera. Ziklo horrek ihesak, paisaiak, autoak, argazkiak, amodioak, basamortuak, hausturak, itsasontziak, margolaritza, hondartzak, adiskideak, desagertzeak, bidaiak, trenak, itsasoa izango ditu ardatz. Laburbilduz, udari bera.

Zer da udako film bat? Errutina haustearekin, ihesaldi txiki batekin, beste bizitza posible batera ihes egitearekin lotzen dut nik urteko garai hori. Filmetan antzeko zerbait gertatzen da: bestelako bizitza posibleak irudikatzeko aukera ematen dute, baita horietan bizitzekoa ere.

Johan van der Keuken-ek bere oporrak erretratatu ditu Las vacaciones del cineasta(1974) filman, eta argazkilaritzaz eta pelikulaz hausnartzeko parada ematen digu. “Argazkia oroitzapen bat da. Filmak ez du ezer gogoratzen. Filma orain gertatzen da beti”. Ingmar Bergman-en Un verano con Mónica (1953) pelikulan, Monikaren (Harriet Andersson) begiradak betiko markatu zuen zinemaren historia, fikzioaren eta ikuslearen arteko haustura horri esker. Eta 50eko hamarkadako Danimarkatik 90eko hamarkadako New Jerseyra joango gara. Wildwood-era hain zuzen ere, uda igarotzeko hiri batera. Carol Weaks Cassidy eta Ruth Leitman zuzendariak pasealekuan dabiltza, batez ere neskei eta emakumeei elkarrizketak eginez. Horrela, Wildwood, NJ (1994) filman, garai zehatz bateko erretratua sortu zuten, eta garai hartako iritziak jaso zituzten abortuaren, sexuaren eta gorputzaren beraren inguruan. Husbands (1970) filmean, John Cassavetes-ek Gus (John Cassavetes), Archie (Peter Falk) eta Harry (Ben Gazzara) aurkeztu dizkigu. Laugarren lagun bat galdu duten hiru lagun dira, eta, hiletaren ondoren, haien lanak eta bizitzak atzean uzten dituzte Londresen amaituko den bidaia bati hasiera emateko. Bidaia horretatik, haietako bi baino ez dira itzuliko. Cassavetesen ondoren, beste zuzendari bikain bati helduko diogu, Jim Jarmusch-i, hain zuzen ere. Mystery Train (1989) filmean, hiru istorio eta hiru bidaia aurkeztu dizkigu. Horiek guztiek gau berean eta hotel berean egin dute bat, Memphiseko Arcade hotelean. Lehen bidaiak Elvisekin obsesionatuta dagoen bikote bat du protagonista; Yokohamatik AEBetara bidaiatzen dira. Bigarrenean, alargun italiar bat da protagonista, eta haren senarraren hilkutxa zaintzen du, haren jaioterrira bueltan. Eta hirugarren bidaiak likore-denda batean lapurtzeagatik poliziarengandik ihes egiten ari diren hiru lagun ditu protagonista. Hiru istorioetan, Elvisen Blue moon abestia entzungo dugu Arcade hotelean, bai eta Tabakalerako zineman uztailaren amaiera markatuko duen tiro bat ere.

Abuztuari Touki bouki (1973) izeneko road movie batekin ekingo diogu. Izenburuak “hienaren bidaia” esan nahi du woloferan, eta Djibril Diop Mambéty zinemagile senegaldarrak zuzendua da. Filmeko protagonistak Mory eta Anta dira, eta biek amets bera dute: Parisera ihes egitea. Canneseko Zinemaldiko nazioarteko kritikaren saria jaso zuen filmak, bai eta Moskuko Zinemaldiko Epaimahaiaren Sari Berezia ere. World Cinema Foundation elkarteari esker, zaharberritu egin dute. Albertina Carri-rekin jarraituko dugu, eta hark Las hijas del fuego (2018) izeneko road movie bat aurkeztuko digu. Proposamen horretan, protagonistetako batek film porno lesbiko bat egin nahi du. Filmean, Ushuaian zehar bidaiatuko gara. Bertan, zenbait emakumek bidaiarekin bat egingo dute, eta plazerari omenaldia egingo diote. Tabakalerako zikloan ezagutuko dugun hurrengo uda Yuki eta Nina (2009) filmekoa izango da. Film horretan, bederatzi urteko bi lagun minek haien azken oporrak emango dituzte elkarrekin; izan ere, Yukiren gurasoak banandu egingo dira, eta ama Frantziatik Japoniara joango da bizitzera alabarekin. Adiskidetasunaren eta bizitzako lehen gatazken erretratua da, jolasaren eta fantasiaren ildotik jorratua. Fantasiara jo du Antonionik ere AEBetan filmatu zuen film bakarrean. Zabriskie Point (1970) du izena (ko-gidoilaria Sam Shepard da), eta leherketa‑segida bat eraiktzen du: eraikinen, arroparen, hozkailuen, janarien, liburuen leherketak. Partikulak kamera geldoan, Pink Floyden erritmoan. AEBetako basamortua utzi, eta Candela Peña eta Silke gaztetxoengana joango gara. Aktoreak Icíar Bollaínen aginduetara aritu dira Hola, ¿estás sola? (1995) filmean. Zuzendariaren opera prima da, eta bizitza berri bat bizitzeko etxetik ihes egin duten bi lagunen istorioa jasotzen du. Filmean badago eszena zoragarri bat. Bertan, tren bat garraiatzen ari den auto batean sartuta bidaiatzen dira protagonistak. Hurrengo saioan, AEBetako basamortura itzuliko gara, bai eta, beste behin ere, Sam Sheparden hitzetara ere. Canneseko Urrezko Palma irabazi zuen Paris, Texas (1984) filmaz ari gara. Travisek (Harry Dean Stanton) urteak daramatza desagertuta, eta haren anaia Waltek aurkitzen du, hitz egiteari utzi dion une batean. Filmean zehar, iraganean gertatutakoa ezagutuko dugu, eta bilaketaz eta topaketaz beteriko bidaia batean murgilduko gara. Zikloan, Jean-Luc Godard-en film ezagunenetako bat ikusteko aukera ere izango dugu, Pierrot le fou (1965), hain zuzen ere. Kasu horretan, Jean-Paul Belmondok eta Anna Karinak osatutako bikote bat izango da protagonista, eta etengabeko ihesaldi batean sartuko dira. Eta Ihes Puntua, Tabakalerako udako zikloa Jean Rouch eta Edgar Morin-en Chronique d’un été (1961) filmarekin amaituko da. Antropologoa eta soziologoa, 1960ko udan, Pariseko kaleetan barrena ibiliko dira, jendeari zoriontsua ote den galdetzen. Zoriontsu al zara? Udari amaiera emateko modu polita izan daiteke, hainbat ihesi, bidaiari, abenturari, beste bizitza posible horiei amaiera eman… eta gurera itzultzeko.

 

Lur Olaizola Lizarralde

Ikus-entzunezko programaren koordinatzailea
 

Imagen Listado
Imagen
Ihes puntua
Año
2022
Tipo Agrupación
Zikloa
Información Adicional