¿Nolakoak dira gure eskolako eta inguruko espazio publikoak? ¿Nola eraldatu eskola eta auzoaren arteko erlazioa? Eskola aldiriak eskolako espazioetan, auzoan, hirian edo herrian, arte-hezkuntza proiektuak garatzeko deialdia da.
2015/2016 ikasturtea
Lehenengo deialdi honetan Jakintza Ikastolak (Donostia) aurkeztutako proiektua aukeratua izan da.
Egitasmoa Erregezain eta Heriz kaleak lotzen dituen pasabide hau biziberritzearen desiotik sortzen da. Toki berezia da, bai ikastolako ikasleek eta bai bizilagunek erabiltzen dutelako.
Leku atseginagoa bihurtzeko helburuarekin, gustoko ditugun auzoko toki batzuk esploratzen ari gara, pasabiderako proposamenak eta ideiak jasotzeko. Ondoren, eraldaketa denon artean diseinatu eta garatuko dugu kultur-trukerako espazio bat sortuz.
Guzti honekin, auzoa eta eskolaren arteko harremanak estutu nahi ditugu, eskola auzora ateraz eta auzoko txoko batzuk “eskola” bihurtuz.
Jakintza Ikastola (ikasleak, irakasleak, langileak eta gurasoak), Tabakalerako hezkuntza taldea eta Antiguoko auzokideen arteko elkarlanaren bidez garatzen ari da.
LAN MARKOA – TESTUINGURUA
Azken urteetan “Haurren Hiria” bezalako esperientziei esker, hirigintza, hiritarren parte hartzea, eskola eta hezkuntza kontzeptuak modu zabalago batean ulertzen dira.
Espazio publikoa, kalea, plaza, auzoa, eskola, e.a. hezkuntza proiektuak garatzeko testuinguru eta lanerako espazio bilakatu dira, eraldaketa sozialerako aukerak eskainiz. Bide honetan, Tabakalera kultur proiektuak, Hezkuntza arloaren bitartez, prozesu hauei heldu eta hezkuntza komunitateekin batera produkzio kulturalean lan egitea proposatzen du.
Kultura garaikidea eta praktika artistikoak hausnarketarako, ikaste prozesurako eta alternatiba sortzaileak garatzeko tresna eta esparru ezin egokiagoak direla uste dugu, eta hori izango da gure egitasmoen ezaugarrietariko bat.
AURREKARIAK
Deialdi honen aurrekarien artean, hezkuntza arloak garatutako Pedagogiak eta espazio publikoa lan ildoa eta “Auzoko Hitzak” proiektu pilotoa kokatzen ditugu.(Auzoko Hitzak 2014-15 ikasturtean Egiako Hezkuntza komunitateko hiru eskolekin eta auzoko beste eragile batzuekin batera gauzatutako proiektu parte hartzailea da). Prozesu honetan hezkuntza komunitatea indartzearen beharra sumatu dugu. Horregatik deialdi honen helburu nagusia eskola komunitateak inguruarekin duen harremanaz hausnartzea eta hura sendotzea da. Horretarako produkzio kulturalaren dinamikak erabiliko ditugu.