Imajinatu Zinemaldia esaldiak Donostiako merkatari batek duela 70 urte Cannesera egindako bidaia baten ondoren esan zituen lehen hitzei egiten die erreferentzia. Francisco Aranaz Darrás bilera hartan izan zen eta hainbat urte geroago hunkituta aitortu zuen han zirenetako inork ez zekiela ezer zinemaz, baina, hala ere, ideia gustatu zitzaiela eta buru-belarri jarri zirela lanean.
Lehengo “imajinatu” hura izan zen 70 urtetan zehar belaunaldi bakoitzak egin dituen hamaika ideia-ekarpenen hasiera: imajinatu zinema-ikasleentzako espazio bat, imajinatu talentu berrien lehiaketa bat, imajinatu argitalpenak editatzen ditugula, imajinatu zinema erraldoi bat Anoetan, imajinatu industriarentzako espazio bat, imajinatu urtero sari bat ematen diogula izar handi bati, imajinatu generoa ezabatzen dugula interpretazio-sarietan… Horrek guztiak urtero dozenaka kultura eta hizkuntza elkartzen dituen ekosistema konplexu bilakatu du Zinemaldia, baita hiriaren ezaugarri-ikur ere, bere lorpen nagusien artean zinema-jaialdi ireki, eskuragarri eta herrikoi izatea duena.
Imajinatu Zinemaldia hura garatzen lagundu duten pertsona eta erakunde guztiei egindako omenaldia da, horiek gabe ezinezkoa bailitzateke: hedabideak, proiekzio-aretoak, babesleak edo zinemaren industria bera, ahaztu gabe Donostia hiria eta, bereziki, kaleak eta zinema-aretoak betetzen dituen publikoa.
Imajinatu Zinemaldia Tabakalera eraikineko hainbat espaziotan zabaltzen den erakusketa da. Ikus-entzunezko instalazioen bidez, Alfonbra gorrian eta Photocallean barrena paseatu ahal izango dugu Zinemaldian izan diren pertsona ospetsuekin batera; ikus-entzunezko Aldizkari bat kontsultatu ahalko dugu, baita MediaTK interaktibo bat ere haren historiari buruzko xehetasunak ezagutzeko; Zinea batean eseri ahalko gara anekdotarik onenez gozatzeko, edo Publikoak 70 urtez Zinemaldian egin dituen eta erakusketa honetarako eskuzabaltasun osoz utzi dizkigun argazkiak ikusi.
Komisariotza: Morgancrea
Carlos Rodríguez y Asun Lasarte