Lurrazala site-specific ikusizko lan bat da, Hotaru Visual Guerrilla Donostiako artistak sortua eta Irma Vilà Òdenak komisariatua Kursaaleko fatxadarako. 2024ko irailaren 12tik 15era bitartean erakutsiko da Irekiak Gallery Weekend egitasmoaren esparruan, zeinetan Tabakalera lankidetzan aritzen den.
Lurrazala, lurraren kanpoaldeko geruza, bizitzaren sostengu eta naturaren misterio eta edertasunaren babeslea da.
Artelanak mundu naturala nola sumatzen eta gogoratzen dugun ikuskatu nahi du, gure esperientziak askotan osatugabeak eta zatikatuak daudela kontutan hartuta. Arte digitala eta argazkilaritza uztartzen dituen lan honek, artistek eurek Kursaal kostaldearen inguruetan hartutako irudiekin, gure munduaren interkonexioari eta etengabeko eraldaketari buruz hausnartzera gonbidatzen ditu ikusleak.
Zentzu horretan, paralelismo bat ezarri daiteke Rafael Moneo arkitektoaren ikuspegiarekin, Kursaaleko kuboak 'Geografiari omenaldia egiten dioten hondartutako harkaitz erraldoi bi' gisa deskribatzen dituena. Esaterako, obrak Gipuzkoako kostaldearen eta bere harkaitz formazioen irudiak zatien mosaiko bihurtzen ditu, errealitatearen ikuspuntu bisual berri bat sortuz, iraunkortzat jotzen dugunaren hauskortasuna gogoraraziz.
Piezaren zati bakoitzak bere buruan dituen irudiak berreraikitzera erronka jartzen du ikuslea, konplexutasunaren edertasuna ez ezik, gure pertzepzioen subjektibotasuna ere agerian utziz. Piezak errealitatea lente eta esperientzia ezberdinen bitartez nola berrinterpretatu daitekeen erakusten du, naturaren aberastasun infinitua eta harekin dugun harremana aztertzera gonbidatzen gaitu.