Donostia Zinemaldiak, Elias Querejeta Zine Eskolak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatutako Ikusmira Berriak programa abian da. Aurtengo edizioko zinemagileek – Ana Cristina Barragán, Jaume Claret, Meritxell Colell, Irati Gorostidi, Joâo Paulo Miranda eta Maximiliano Schonfeldek – kontatu digute.
12 eskutara idatzitako eguneroko honetan, Tabakalerako zinema-egoitza baten barrenak ezagutuko ditugu.
2022ko martxoaren 14a
Iritsi bezain laster, "Une musique intérieure" erakusketa ikusi eta erresonantzien magia sentitu.
2022ko martxoaren 15a
Tabakalerako 3. solairuan egingo dugu lan. Ana Cris, 4. estudioa. Jaume, 7. estudioa. Joaoa Paulo, 3. estudioa. Meritxell, 2. estudioa. Irati, 6. estudioa. Maxi, 8. estudioa.
Gure artean, 5. estudioan, Radu Jude ari da lanean, 2021ean Berlingo Urrezko Hartza irabazi zuen zuzendaria.
2022ko martxoaren 22a
Azkenean, gidoia lantzeko denbora eta espazioa aurkitu. Eta, orain bai, filmaren barrenekin konekta dezakedala sentitu.
2022ko martxoaren 23a
Bi orduko elkarrizketa eta ideia-trukea Javirekin (Javier Martín) aski izan da hain zaila den argitasuna aurkitzeko.
Zinema sobietarra ahalik eta modu militanteenean ikustea: zinea bezala, borrokan ari den taberna batean.
2022ko martxoaren 24a
Emanaldi intimoa Filmategiko zine-areto txikian. Harea betazaletan, zauriak miazkatu eta "begi tristedun mutila bakarrik bizi da eta maitasuna behar du, airea bezala ikusi behar nau, eguzkia nik behar dudan bezala, begi tristedun mutilak azkenean arrazoi bat aurkitu du bere begiradak nire musu eta maitasun handiarekin barre egin dezan".
2022ko martxoaren 28a
Komunitate bateko kide izatea, zinea eta bizipenak partekatzen dituen familia batekoa, egonaldia eskaintzen digun ekosistema berean.
Elias Querejeta Zine Eskolako, Noka Metoring programako eta Ikusmira Berriak-eko lagunok, zinegileok eta kideok geure proiektuak partekatuko ditugu gaur. Entzuteko irrikaz. Besteengandik ikasteko eta zinema elkarrekin ospatzeko irrikaz.
Tabakalerako egonaldiak apirilaren 24ra arte iraungo du, eta profesionalen batzorde batek lagunduko die bidean: Sergio Oksman, Javier Martin, Olimpia Pont, Elena López Riera, Jean-Gabriel Périot, José Luis Torres Leiva, Lucile Hadzihalilovic, Fernanda del Nido edo Paolo Moretti, besteak beste.
Eta irailean, Zinemaldiarekin batera, Donostiara itzuliko dira egoitza osatzeko eta beren proiektua industriako profesionalei aurkezteko.