Imagen
Imagen
Descripcion

Ion de Sosa (Urnieta, 1981) zinema-zuzendaria eta argazki-zuzendaria da, ECAMen diplomatua.

Bere lehenengo film luzea, Sueñan los androides, Berlinalen estreinatu zen 2015ean, eta zinemaldi eta arte-zentro nazional eta nazioarteko ugarietan aurkeztu zen, Viennale, Lincoln Center, Barbican Centre eta Reina Sofía Museoan, besteak beste. Philip K. Dicken ¿Sueñan los androides con ovejas eléctricas? nobelaren moldaketa librea da filma, eta bere zinemaren konstanteak biltzen ditu: 16mm-ren erabilera, enkoadraketa frontala eta irekia, kostunbrismoa zientzia-fikzio ukituekin, denboraren eta konposizioaren oso erabilera berezia, eta ohiz kanpoko umore-sena.

Konstante horiek argazki-zuzendaritzan eginak dituen lanetan ere ageri dira, Chema García Ibarraren filmetan; aspaldi batez dihardu harekin elkarlanean eta, izan ere, biek zuzendua da bere azken film laburra, Leyenda dorada, Berlinale 2019an estreinatua eta zinemaldi hauetan hautatua: Donostia Zinemaldia, Ann Arbor, Palm Springs, eta AFI Fest, American Film Institutek antolatua.

Argazki-zuzendaria izan da film hauetan: Espíritu sagrado, Chema García Ibarraren lehenengo film luzea, Locarnoko nazioarteko lehiaketan estreinatua (2021) eta fikziozko Feroz Arrebato eta kritikaren Fotogramas de Plata sariduna; Karen, María Pérez Sanzena, Sevillako zinemaldian 2020an estreinatua; eta El futuro (2013) film luzean eta Aliens (2017) film laburrean, biak Luis López Carrascorenak, eta Locarnoko zinemaldian estreinatuak.

Argazki-zuzendaritzan berriki egin dituen lanak dira La Parra film luzea, Alberto Graciarena; La niña mártir film laburra, María Pérez Sanzena, eta Contadores film laburra, Irati Gorostidirena (Cannes 2023ko Kritikaren Astean estreinatua). Argazki-zuzendari gisa parte hartu duen azkeneko film luzea El fantástico caso del Golem da, Burnin’ Percebesek zuzendua eta joan den udan (2022) filmatua.

Zuzendari gisa, Ion de Sosa bere hurrengo film luzea, Balearic, egiten ari da orain. 2017an Apellaniz y de Sosa produkzio-etxea sortu zuen Leire Apellanizekin batera. Film hauek ekoiztu dituzte: Espíritu sagrado, Leyenda dorada, Fe, Maider Fernández Iriarterena, Contadores, Irati Gorostidirena, eta Inmotep, Julián Génissonena.

 

Eventos participa
Tipo
Artistas y Creadores