Hezkuntza-arloko profesionalekin zenbait tresna eta esperientzia partekatzera daude bideratuta prestakuntza-saio hauek. Zehazki, helburua da praktika artistikoa eta hezkuntza uztartzen dituzten metodologiak lantzea, irakasleek beren eskoletan erabili ahal izan ditzaten. Ikasturtean zehar, hiru bloke jorratuko dira: #arte garaikidea, #zinema eta ikus-entzunezkoak eta #sormen laborategiak.
Arte garaikidearen inguruan izan zen lehen blokea, ondoren, otsailean zinea eta ikusentzunezkoen inguruan lanketa egin zen. Oraingo hirugarren blokea sormen laborategiekin harremanduta egongo da eta lau lantegi praktikoak egongo dira aukeran: HARRI, HORRI, AR: autoedizio lantegia, TIN.TA!: estanpazio lantegia, 3Dn SORTZEN: fabrikazio digitalari buruzko lantegia eta MUGI-GELDI-MOVIE: stop-motion animazio lantegia.
Lantegi hauek sormen laborategiaren zenbait ardatzetan zentratuko dira non teknologia proiektuak garatzeko beste baliabide bat den. Medialaben dauden tresnak erabiltzen ikasiko dugu lehenik, aurrerago geure taldeetan zenbait dinamika lantzeko. Saio hauetan, pedagogia kritiko eta feministetatik eratorritako metodologiak erabiliko ditugu.
11:00-13:00 3Dn SORTZEN: fabrikazio digitalari buruzko lantegia
Esku lanaren automatizazioak digitalki eraikitako piezak zehaztasun handiz fabrikatzeko parada ematen digu. Hasiberrientzako lantegi honen helburua fabrikazio digitalak eskeintzen dizkigun aukerak ezagutu, hauen alde eta kontrak aztertu eta fabrikazioan lehen urratsak ematea da, piezak 3Dn diseinatuz eta hauek nola modu egokian inprimatu ikasiz.
Zuen ordenagailu eramangarria eta bertan Tinkercad instalatuta izatea gomendatzen dizuegu. Bestela esan eta bat utziko dizuegu.
11:00-13:00 MUGI-GELDI-MOVIE: stop-motion animazio lantegia
Animazioa ikasi eta irakasteko lantegi honetan animazioaren funtsak barneratu eta landuko ditugu, aplikazio erraz bat erabiliz. Teknika desberdinak errepasatzeaz gain, lantegi eta ariketak proposatzeko ideiak jorratuko ditugu. Jakintza berezirik gabe edozein da animazio bat egiteko gai.
Stop Motion Studio aplikazioa instalatuta ekartzea komeni da, mugikor edota tablet batean.
17:00-19:00 HARRI, ORRI, AR: autoedizio-lantegia
Harri Orri Ar hastapen lantegiak papera elementu protagonista izango du. Material honek autoedizio (DIY) argitalpenetan eta enkoadernaketetan eskaini ditzakeen baliabide anitzak ikusi eta praktikan jarriko ditugu. Ikasleek beren lanak estetikoki eragargarri aurkezteko baliabideak ikusiko ditugu. Sormena lantzea ere bilatuko dugu, ikasitakoak ikasgelara eraman eta adin desberdinetako ikasleekin egokitu ahal izateko.
17:00-19:00 TIN.TA!: estanpazio-lantegia
Estanpazio tailerra partekatzeko eta esperimentatzeko gune bat da, eta laborategia ikasteko eta dibertitzeko leku bihurtzen du, bai irakasleentzat, bai ikasleentzat. Tailer honetan ikusiko dugu serigrafiak nola balio diezagukeen ikastetxeetan teknologiarekin zerikusia duten eduki, gai edo proiektu desberdinak lantzeko. Estanpaziorako behar diren materialak erabiltzeaz gain, txantiloiak egiteko laser-ebakitzailea erabiltzen ere ikasiko dugu.
Prestakuntza saio hauek zenbait tresna eta esperientzia partekatzea planteatzen dute interesa izan dezaketen hezkuntza arloko pertsona ezberdinen artean.