Euskaraz hitzez hitz emanda, bossa novak (frantsesezko bosse, "protuberantzia") “protuberantzia berria” edo horrelako zerbait esan nahiko luke. “Irteten den zer hori”, ordea, estiloarekin parekatu zen azkenean, eta Brasilgo herri-musikaren “estilo berri” gisa ezarri zen.
Protuberantziatik estilora
Euskaraz hitzez hitz emanda, bossa novak (frantsesezko bosse, "protuberantzia") “protuberantzia berria” edo horrelako zerbait esan nahiko luke. “Irteten den zer hori”, ordea, estiloarekin parekatu zen azkenean, eta Brasilgo herri-musikaren “estilo berri” gisa ezarri zen.Baina, jatorrizko esanahira bueltatzen bagara, sanba ikusgarri eta dinamikoari irteten zaion protuberantzia bat da bossa nova. Zehazki esateko, jazz-ukitua duen protuberantzia. Sanbaren erritmo afroek erabateko naturaltasunez bereganatu zituzten kontinentearen iparraldetik zetozen disonantziak. Halaxe sortu zen bossa nova izeneko estilo berria, minimalistagoa, ez sanba bezain joria eta hura baino disonanteagoa, baina limurtzailea inondik ere. Zerbaitegatik deitu zioten Desafinado estilo berri hartan nazioartean arrakasta lortu zuen lehenbiziko kantuetako bati, zeina Antônio Carlos Jobimek konposatu baitzuen 1959an. “Desafinatua” bai, baina arimaz, erritmoz eta pasioz betea.
Ziklo honen bitartez, zertzelada labur batzuk eman nahi dira Brasilgo bossa novaren inguruabarrei eta protagonistei buruz. Genero musikal horren errepasoa egiteko aukeratu dira, batetik, bi dokumental -emakumeak dituzte protagonista ia erabat-, bigarrenik, bossa nova zineman sartu zuen filma, eta, azkenik, pianista brasildar bati buruz berriki eginiko animazio-lan bat. Miúcha. A voz da bossa nova dokumentalak Heloísa María Buarque de Hollanda du protagonista. Heloísa da Miúcha edo “Txikitxoa”, Brasilgo musikaren ahotsik garrantzitsuenetako bat. Dokumental horretan, mugimendu horretako protagonista asko eta asko ageri dira: bere senar João Gilberto eta neba Chico Buarque de Hollanda, Vinícius de Moraes, Tom Jobim… Azken hori da, hain justu, Elis & Tom. Só tinha de ser com você bigarren dokumentaleko protagonista-kidea, Elis Reginarekin batera -bossa novaren beste ahots funtsezkoetako bat-. Genero horretako diskorik garrantzitsuenetako baten grabaketa da omenaldi eder horren ardatza. Águas de março abestiaren grabaketa antologikoaren entseguekin hasten da, zeina bossa nova generoko kantu ezagunenetako bat baita, Garota de Ipanemarekin batera.
Bossa novako konposizioak Orfeu negro -Orfeo beltza- filmaren soinu-bandan sartu ziren lehenbizikoz modu kontzientean. Rio de Janeiroko inauterietan dago girotuta kontakizuna, eta Orfeo eta Euridizeren mito greziar hain bereziaren translazio bat da. Baina Orfeo, maitearen bila Hadesera jaitsi ordez, candombléaren mundu ilunean barneratuko da, Iemanjá eta gainerako orixá edo dibinitateen ludian, amildegira eginiko bidaia batean. Pelikularen gidoia Vinícius de Moraesek berak idatzia da. Aldi berean, soinu-bandako kantu mitikoak entzun ditzakegu, Manhã de Carnaval edo A felicidade, kasu. Zirkulua ixteko, Fernando Truebak eta Javier Mariscalek Chico y Rita bikainaren ondoren elkarrekin zuzendutako azken ekoizpena ikusi ahal izango dugu: Dispararon al pianista -They Shot The Piano Player-, Tenório Júniorri buruzko animaziozko dokudrama. Júnior pianista brasildar bikain bat izan zen; Videlaren poliziak bahitu eta ESMA zorigaiztokoan giltzapetu ondoren, hil egin zuten Buenos Airesen, 1976an. Vinícius de Moraes, João Gilberto, Caetano Veloso, Gilberto Gil eta beste egile batzuen doinuek edertzen dute film boteretsu horren kontakizun gogorra.
Paseo bat bossa novaren historian barrena. Ia obra handi guztiak bezalaxe, oso sustrai lokalak dituen musika unibertsal batez jabetzeko eta gozatzeko aukera.