Europa 2005, 27 de octobre, 2006, 11’. Loop, proiekzio digitala
Hemen eta orain
Italiako Rai Tre kateko Fuori orario programak zazpi segundo eta zazpi minutu arteko film bat egiteko eskatu zien zenbait zinemagileri (horien artean, Manoel de Oliveirari, David Lynchi eta Hou Hsiao-hsieni) 2005ean, Roberto Rosselliniren jaiotzaren urteurrenean. Filmotan, Ireneren «bizitzaren edo heriotzaren momentu bat» imajinatu behar zuten; hots, Ingrid Bergmanek Europa 51 (1952) filmean zuen pertsonaiarena.
Jakina denez, Rosselliniren filmak emakume aberats baten istorioa kontatzen du; semeak bere buruaz beste egingo du, eta berak bere buruari botako dio errua, eta bidaia bati ekingo dio besteak topatzeko. Azkenik, ospitale psikiatriko batean sartuko dute uko egin dion burgesia horretako indar biziek, hots, senarrak, apaizak, medikuak, eta lagundu nahi izan zituen pertsona pobreen inpotentziak baino ez du ondoan izango.
Nola ekar daiteke diskurtso rosselliniarra XXI. mendearen hasierara? Straubtarren erantzunak bere zinemaren dimentsio erradikala laburbiltzen du, arlo politikoan eta estetikoan. Toki zehatz batean filmatu zen (Straubtarrak tokiaren zinemagilerik bikainenak dira); hain zuzen ere, poliziarengandik ihesi zihoazela bi gazte magrebtar elektrokutatu ziren tokian –2005eko udazkenean Frantzia astindu zuten liskarren abiapuntu izan ziren heriotzok–. Europa 2005-27 Octobre (2006) filmak hamar minutu irauten du, eta heriotzak gertatu ziren azpiestazio elektrikoaren inguruak igarotzen dituzten bi panoramikez osatzen da. Bost aldiz errepikatzen dira panoramikak, luzera eta soinua pixka bat aldatuta, eta horien amaieran chambre à gaz / chaise électrique testu bikoitzaren irudia gainjarri dute zinemagileek. Konpainia jabeak gertakari dramatikoen ondoren gazteen graffiti modura jarritakoak bikoizten dituzte: STOP! Ne risque pas ta vie eta STOP, L’électricité c’est plus forte que toi.
Bideoan ez da giza irudirik ageri (giro-zarata entzuten da: trafikoa, zaunkak, txorien txioak, haizeak zuhaitzetan sortzen duen marmarra), eta Straubtarren lanaren sekulako dimentsioa antzematen da. Panfletoa hilobi-harri bihurtzen da, minaren keinu amorratua ospakizun-monumentuaren pisu hoztuarekin ordeztu baita.
Santos Zunzunegui
Zineman aditua den idazlea eta historialaria
Jean-Marie Straub & Danièle Huillet-en 'Europa 2005, 27 de octobre' (cinétract) filmaren proiekzio jarraia.