Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sustatuta eta Tabakalerak kudeatuta, KSIatea izeneko Kultura eta Sormen Industriak Nazioartekotzeko Programak helburua sektoreko enpresei merkatu eta bezero berrietara zabaltzeko politika planteatzen laguntzea da, nazioartekotzearen esparruan.
Batetik, diagnostikoak egiten eta ebaluatzen ditu proiektuak, euskal enpresentzat orokorrean, nazioartekotzeko aukerak aztertu eta indarrean dauden programak eta ekimenetan parte hartzea errazteko asmoz.
Bestetik, enpresa horientzako laguntza-plataformaren bidez, gomendioak iradokiko ditu euskal KSI enpresak hobeto txerta daitezen Euskal Autonomia Erkidegoaren kanpo-sustapenari laguntzeko politika publikoetan.
Helburua da nazioartekotzeko potentzialari buruzko 70 diagnostiko egitea eta nazioartekotzeko 30 plani ekitea abian den urtea amaitu baino lehen, hautatutako proiektuak EAEn dauden KSIen nazioartekotzeari laguntzeko programetan aurkeztu ahal izateko, bai autonomia-erkidegoan (Basque Trade and Investment), bai lurralde-mailan (Foru Aldundiak).
Planak diagnostikatzeko, hautatzeko, osatzeko eta prestatzeko prozesuetan metodologia propioa erabilita, programak nazioartekotze-plan bat prestatuko du hautatutako enpresekin.
Deialdia ekainaren 15ean irekiko da, eta kultura- eta sormen-sektoreko euskal erakundeei zerbitzuak eskainiko dizkieten bi ibilbide izango ditu, guztiak doan:
Euskadiko kultura- eta sormen-sektoreko elkarte eta fundazioentzako ibilbidea:
• Nazioartekotze-diagnostiko bat, elkarteak edo fundazioak nazioarteko merkatuei heltzeko duen ahalmena ezagutzeko aukera emango duena (gehienez ere 20 elkarte eta fundazio hautatuko dira).
• Kultura- eta sormen-industrien nazioartekotzearekin lotutako alderdiei buruzko prestakuntza.
Euskadiko kultura- eta sormen-sektoreko enpresentzako ibilbidea:
• Nazioartekotze-diagnostiko bat, enpresaren potentziala ezagutzeko aukera emango duena, nazioarteko merkatuei heltzeko eta, batzuetan, enpresa-lehiakortasuna hobetzeko gomendioak emateko (50 enpresa gehienez hautatuko dira).
• Nazioartekotze-plan bat, kanpoko negozio-aukerak bai eta kanpo-biderako eskuragarri dauden laguntza publikoak ere ahalik eta gehien aprobetxatze aldera ibilbide-orri bat diseinatzeko (30 enpresa gehienez hautatuko dira).
• Kultura- eta sormen-industrien nazioartekotzearekin lotutako alderdiei buruzko prestakuntza.
Eskaerak egiteko epea 2020ko ekainaren 15etik azaroaren 15era egongo da zabalik, eta enpresek Tabakaleraren webgunean eman ahal izango dute izena.
Proiektuaren xedea KSI sektoreko euskal erakundeentzat 70 potentzial-diagnostiko eta 30 nazioartekotze-plan egitea da. Deialdia gaur, ekainak 15, ireki da eta datorren urriaren 15era bitartean egongo da zabalik.