Saio bikoitz honek zinearen historiako ezinbesteko zinemagileari omenaldia izan nahi du, bere lehenengo lanak berreskuratuz
18:00
La pointe courte, Agnès Varda, Frantzia, 1954, 86’
Agnès Vardaren lehen film luzea, nouvelle vague deitu zen hori oraindik irudikatzeke zegoen garaikoa, modernitatea euren kontakizun eta irudietan txertatuko zuten zuzendariak zinema betirako aldatuko zuten galderak egiten ari ziren unekoa. Varda argazkilari amateur gaztea zen orduan, zinemara salto egitea erabaki zuen eta lehen saiakera egin zuen bere kooperatiba sortuz.
Pelikulak asko du neorrealismotik eta Frantzia hego-ekialdeko arrantzale herri bateko bizimodua erretratatzen du modu dokumentalean: eguneroko kontuak eta laneko eta bizirauteko arazo kolektiboak. Krisian dauden senar-emazte gazte baten istorioa ere kontatzen du, emaztea Parisekoa eta senarra herrikoa. Konbinaketa hau, fikzio intelektuala eta behaketa ariketa uztartzea erabat berritzailea izan zen bere garaian eta etortzeke zegoen zinemaren aurrekaria izan zen. Aipagarria da halaber kredituetan azaltzen den beste zinemagile gazte baten izena, zinemaren historian giltzarria izan zen une batez ari garela frogatzen duena... Alain Resnais, filmaren muntaketan.
21:00
Cléo de 5 à 7, Agnès Varda, Frantzia, 1962, 90’
Agnès Varda al da munduko zinemagilerik gazteena, kuriosoena eta askeena? Laurogehi urte bete dituen honetan baietz esan genezake, bere arima eta zinema eta bizitza ulertzeko duen modua “olatu berria” baitira oraindik ere. Horrela erakutsi du gutxienez Donostiako Zinemaldian aurkeztu berri duen bere azken pelikularekin, Visages Villages. Baina, nola hasi zen guztia?
Nouvelle Vague-aren jaiotza birpasa dezagun: 1958, Claude Chabrol, Le beau Serge. 1959, François Truffaut, Les quatre cents coups. 1959, Alain Resnais, Hiroshima mon amour. 1960, Jean-Luc Godard, À bout de souffle. 1961, François Truffaut, Jules et Jim. 1962, Agnès Varda, Cléo de 5 à 7: Cléo pop abeslari paristarra da eta mediku froga baten zain dabil hirian noraezean. Laurogeita hamar minutuk denbora errealean bere bizitza, nahiak eta beldurrak erakusten dizkigute; eta etorkizunari eta patuari aurre egiten dion gaztetasunaren erretratua.
Saio bikoitz honek zinemaren historiako ezinbesteko zinemagileari omenaldia izan nahi du, bere lehenengo lanak berreskuratuz.