Lake Tahoe, Fernando Eimbcke, Mexiko, 2008, 85’, JB
Ez litzateke zorakeria Lake Tahoe anti-road movie gisa definitzea. Lehen minutuan bertan ikusten dugu Juan, 16 urteko nerabearen Nissan gorria poste baten aurka jotzen. Gertakaria off-ean gertatzen da, beltzaren gainean entzuten dugu, baina ez dugu ikusten. Filmaren oinarria une horretan bertan ezarrita geratzen da. Batetik, road movie-a kotxe gabe geratu garen unean abiatzeak sortzen duen absurdua, bidaia zirkularra, loopean bezala ia, Juan autoa konpontzeko bidean. Bestetik, Fernando Eimbcke mexikarrak erabiltzen duen gramatika minimalista. Jarmuschen Permanent Vacation (1980) gogorarazten diguna, edo Stranger than Paradise (1984), beltzera joz eskenak banatzeko, pelikulari atalezko izaera bat emanaz, komiki baten bineten antza hartuz. Cinemascope formatoa eta angular handiaren erabilerak, dekonstruitutako western batean bezala, unibertso horren berezitasunak areagotzen ditu, Juanek bere helburua lor ez dezan elkar hartutako unibertsoa. Ricardo Pigliak bere Tesis sobre un cuento lanean azaltzen duen moduan “ipuin batek bi istorio kontatzen ditu beti”, eta Juanen helburua ez da dirudiena, berak ez dakien arren. Topaketa, ez elkartze eta auto pieza iheskorren sare horren azpian, lurrazpiko korronte bat dago, zifratutako istorioa, fintasunez josia eta umore tanta batzuekin osatua, samurtasun infinituz samina, galera, eta heltzearen sahiestezintasunak sortzen duen zaurgarritasuna erein eta jasotzen duena.
Ez litzateke zorakeria Lake Tahoe anti-road movie gisa definitzea. Lehen minutuan bertan ikusten dugu Juan, 16 urteko nerabearen Nissan gorria poste baten aurka jotzen.