Imagen
Imagen
Descripcion

2005ean sortu zuten Max Andrews eta Mariana Cánepa Lunak Latitudes kuradore-bulego independientea. Bartzelonan (Espainia) du egoitza, eta arte garaikidea jorratzen du, nazioartean.

Hasiera batean, ekologia izan zuten arretagune nagusi; Latitudes bulegokoei zera interesatzen zaie: toki baten prozesua, testuingurua eta zehaztasuna. Latitudes bulegokoek ikerketa-proiektu propioak sortu dituzre, eta, era berean, bestelako proiektuak sortu dituzte, enkarguz, beste erakunde batzuek beren-beregi eskatuta, hala nola museoek, galeria eta elkarteek, argitaletxeek, jaialdiek eta unibertsitate inguruko erakundeek. Latitudes bulegoaren jardunaren barruan, erakusketetako komisariotzak toki garrantzitsua hartu du, aldizkakoa izan arren. Bestelako proiektu batzuetan diziplinarteko ikuspegi bat hobetsi dute, nahita, ikusgarri edo publiko bilakatuz, eta artearen eta artisten inguruan lan egiteko eta hausnartzeko gaitasun handiagoarekin.

Latitudes bulegokoek banakako erakusketak komisariatu dituzte: Lawrence Weiner (Fundació Suñol, Bartzelona, 2008), Ignasi Aballí (Suitcase Art Projects, Today Art Museum, Beijing, 2009) eta Christina Hemauer & Roman Keller (Kunsthal Aarhus, 2011). Beren talde-erakusketa eta zikloen bidez honako gai hauek aztertu dituzte: arriskua (‘Extraordinary Rendition’, NoguerasBlanchard, 2007) eta ingurunearen babesa (‘Greenwashing’, Fondazione Sandretto Re Rebaudengo, Torino, 2008). Horrez gain, oinarri hartu dituzte mikro-istorioak (‘Amikejo’, MUSAC, Leon, 2011) eta industria-diseinu modernoaren narratibak (‘Exposition Internationale des Arts Décoratifs...’, Meessen De Clercq, Brusela, 2011).

Arte publikoari lotutako proiektu baten harira, elkarlan luzea izan dute Tue Greenfort-ekin (RSA Arts & Ecology, Londres, 2005–8), eta horri tiraka, Latitudes bulegokoek zenbait proiektu publiko berri komisariatu zituzten Rotterdam-eko portuan (‘Portscapes’, 2009–10). Erakusketa baten harian, astekari bat argitaratu zuten (‘The Last Newspaper’, New Museum, Nueva York, 2010–11), eta horren ondorioz elkarrizketa-sorta bat sortu zuten: ‘#OpenCurating’ (2012–13). Era berean, bestelako proiektuak egin dituzte, ikerketa-, ekoizpen- eta aurkezpen-prozesuen kokagunea eta segida kolokan jarriz (‘No Soul For Sale’, X Initiative, New York, 2009 eta Tate Modern, Londres, 2010; ‘Incidentes de viaje’, Mexiko DF, 2012, eta Hong Kong, 2013).

Dei gisa ulertzen dute komisariotza, eta, horrela, eztabaidarekin eta ikasketa-formatuekin uztartzen dute beren jarduna. Ondorioz, horrelako gauzak sortu dituzte, besteak beste: simposium bat Sharjah Biennial 8-an (2007), arte-eskola bat egiteko proiektu pilotua (‘Campus’, Espai Cultural Caja Madrid, Bartzelona, 2011) eta ‘La Asamblea de los Países Bajos’ (ARCOmadrid, 2012). Horrez gain, Latitudes bulegoaren jardun osoaren parte izan dira ikerketa-egonaldiak eta landa-lana ere (Frankfurt Kunstverein, 2008; Spring, Hong Kong, 2013; Gertrude Contemporary, Melbourne, 2014).

Besteak beste, honako argitalpen-proiektu hauek apailatu dituzte: ‘Land, Art: A Cultural Ecology Handbook’ (RSA/Arts Council England, 2006) eta ‘Lara Almarcegui: Projects 1995–2010’ (Archive Books, 2011), monografia bat. Gainera, Latitudes bulegokoek beti landu izan dute artistekiko konpromiso kritikoa, idazketaren bidez (hala katalogoetarako testuak idatziz nola aldizkari berezituetan idatziz).

2015eko udan Latitudes bulegokoek irakasle gonbidatu gisa jardun zuten The Banff Centre zentroan (Kanada), eta egonaldia egin zuten Kadist Art Foundation-en, San Frantziskon (AEB). Udazkenean ‘Composiciones’ programa komisariatuko dute. Programa horrek, hain zuzen, bost proiektu berri bultzatzen ditu, beren-beregi Barcelona Gallery Weekend ekimenerako sortuak.
Cargo - Nota descriptiva
Kuradore-bulego independientea
Tipo
Invitados