GUTUN ZURIAK: CASA DE VELÁZQUEZ / Les proies, Marine de Contes, Frantzia, 2018, 53'
Aurkezpena: Marine de Contes eta Fabienne Aguado.
Film honen bidez, Frantziako hego-mendebaldean, Landetako basoan, pagausoak ehizatzen dituztenen bizitza aurkeztu nahi izan dut. Basoa modu berezian ezagutuko dugu. Txioz saturatutako basoan murgiltzean, paisaiaren hedadurak eramaten gaituela sentituko dugu. Ondoren, soinu arraroak zuhaitzen zurrumurruekin nahastuko dira. Belarriak zorroztuta, basoari entzuten jarriko gara, ehiztariak bezala, eta zaindariaren posizioan, zain geldituko gara. Adi, pazientzia izugarriaz, zerbaiten zain egongo gara.
Film hau sortu aurretik, ezagutzen nituen Landetako basoa, ilunabarra, zuhaitzen erretxina usaina, haizeaz leun kulunkatzen diren pinu itzelak, txorien txioek hartutako isiltasuna eta kolore biziak; ez, ordea, ehiza. Landetan egindako bideo-mintegi batean, parte-hartzaile gazteek txoriak sarez ehizatzeko ohituraz hitz egin zidaten. Palombière delako bat erakutsi zidaten: ehizatzeko etxola bat, lurrean eraikia eta pinu-orratzez eta garoz estalia eta norabide guztietan ateratzen diren ehunka metroko tunelez inguratua. Gerrako aterpe baten edo jostailuzko etxetxo baten itxura zuen eraikin harrigarri horrek sortutako jakinminagatik, udazkenean, ehiza-garaian itzultzeko erabakia hartu nuen aintzinako ohitura horri buruz gehiago ikasteko.
Espazio labirintiko horretan, kable eta polea bidez igotzen eta jaisten diren txoriz osatutako abata-gailu konplexuekin, aurretik, paseatzera ateratzen nintzenean baketsua eta lasaia iruditzen zitzaidan basoa bat-batean leku misteriotsu eta beldurgarria iruditu zait.
Ikusleek gauza bera sentitzea nahi nuen: ezjakin, jakinmin eta gogotsu, esperientzia sentsorial bat bizitzeko prest, baita gizon horiek inguruko faunarekiko eta paisaiarekiko duten harreman berezian murgiltzeko ere. Horregatik, filmatzeko ikuspuntua ehizako estrategiara egokitu nuen: behatu, hurbildu eta une jakin batzuk harrapatu.
Ikuspuntu zinematrografikoa izan arren, jardun bat deskodifikatzeko ahalegina egiten du, film etnografikoen eran. Gainera, ehizatzeko familia-tradizio horrek errituen osagaiak ditu, belaunaldiz belaunaldi transmititzen baita. Tradizioaren eta modernitatearen arteko gatazka ere planteatzen du.
Ehiza mota hau zaharkitua da, eta zentzugabea dirudi, ehiztariek erabiltzen duten energiak desproportzionatua baitirudi harrapakin kopuru txikiarekin alderatuta. Txoriak jaten dituzten arren, ez dute ehiza bizirauteko behar. Hala ere, ez diote ohiturari uzten. Bi hilabete ematen dituzte etxolan sartuta, zeruari begira, sarearekin txori biziak harrapatzeko edo, bestela, tiroz batzuk hiltzeko. Baliteke beste arrazoi batzuk egotea basoaren erdian isolatutako espazioan.
Frantziako landa-inguruaren bazter honetan, geografoek «hiperruraltzat» jotzen dutenean, biztanleak gai izan dira gordetzeko hizkuntza bat (gaskoia), denbora-nozio bat eta ingurumenarekiko harreman estu eta berehalako bat, gurasoengandik seme-alabengana pasatu arren desagertu egingo dena ezinbestean. Izan ere, errentagarritasunaren legea paisaia desitxuratzen ari da. Zuhaitz-hedadura zabalen mozketak ekosistema aldatzeko arriskua ekarri du. Ehiztatzeko lekuak gutxika desagertzen ari dira, eta pagausoek migrazio-korridoreak aldatu dituzte. Film hau egiteko arrazoietako bat horren guztiaren testigantza jasotzea izan da. Dagoeneko ez dakigu nor den sistemaren ehizakia.
Marine de Contes
Les proies film erlijioso laikoa da, zineari buruzko pelikula gisa ikus daiteke, errodatzeko eta muntatzeko gaitasunari buruzko lana.