Los rubios, Albertina Carri, Argentina, 2003, 90’
Tabakaleraren 2017ko zinema-programan, funtsezkoa izan zen Albertina Carri-ren Cuatreros filma gure zinema-aretoan estreinatu zeneko unea. Film horri buruz idatzi genuen irudiek eta soinuek zamalka bezala korritzen zutela, artxiboaren, memoriaren, lehen pertsonaren, zuzendariaren historiaren eta Argentinako historiaren gainean bermatuta. Diktadurak desagerrarazitako guraso batzuen alaba da Carri eta, aitak idatzitako liburu bat berreskuraturik, “zamalka”bezala gogoetatzen zuen bere herentziariburuz –politikoa zein emozionala–, western basati baten aurrean bageunde bezala, zuzendari gisa bere ahotsa bilatzeko.
Bada, askoz ere lehenago hasi zen guztia, hamalau urte lehenago hain zuzen, haren lehen lanaren estreinaldiarekin: Los rubios, Argentinako memoria historikoa aztertzen duen zineman eragin handia izan duen film bat.
Los rubios bilaketa eta labirintoa da: saiakera-film bat, zuzendariaren familiaren memorian barrentzen dena, egun batean betirako desagertutako aitaren (Roberto Carri) eta amaren (Ana María Caruso) falta argitu nahian. Eskura dituen tresna zinematografiko guztiekin jolasten den dokumental bat da: zatiak, istorioak, zurrumurruak, bidaiak, kontakizunak, argazkiak, birsortzeak, zalantzak eta ispiluak. Eta ez dio beldurrik ematen bere jostura eta trikimailuak, bere artifizialtasuna, agerian uztea, izendatu ezin den horretara, ikusezinera, lazturara iristeko ahaleginean. Hala topatuko ditugu noraezean doan filmaketa talde bat, zuzendari-lanak egiten dituen emakumezko aktore bat, edo Playmobil panpinen animazio bat, inork inoiz ebatzi ezin ez duena ebazten.
Memoriari buruzko film bat denez, hura zalantzan jartzeko adorea du zuzendariak berak: zeintzuk izan ziren Carritarrak? Nola desagertu ziren? Eta zer ziren: ilehoriak, beltzaranak, iraultzaileak, gurasoak, seme-alabak, aktibistak, heroiak, benetakoak edo zuzendariak gogoratu nahi duen fikzio baten parte?
Memoriari buruzko film bat denez, hura zalantzan jartzeko adorea du zuzendariak berak:zeintzuk izan ziren Carritarrak? Nola desagertu ziren?