Subtitulo
Zinemaren garai guztiak
Texto Destacado

Hiruhileko honetan Euskadiko Filmategian hasiko diren Lumière Saioetan, lan bikain eta erakargarri horren berri eman nahi da, Lumière Institutuaren historiako lehen film garrantzitsuen bidez eta alderdi askotarikoak erakutsiz. Profesional handien eta, batez ere, zinemaren eta haren dibulgazioaren zaleen eskutik helduko zaizkigu filmak.

Multimedia
Imagen
Lumière emanaldiak
Texto Fecha
API. 8 - EKA. 24
Lugar
Pasada?
No
Descripción Larga

Zinemarekiko maitasuna, zinema jaio zen tokitik. Artea eta ikuskizuna irauli zituen asmakizunaren ikurra da Lyongo Lumière Institutua, ez soilik zinemaren sorterrian bertan dagoen sinbolo historikoa delako, baizik eta egunero lan egiten duelako zinema osotasunean bildu, berreskuratu eta zabaltzeko, behar den moduan, denboraz eta mugez haratago, gaurkotasunaren eta ikuspegi historikoaren arteko etengabeko komunikazioari eutsiz. 

Antoine eta Louis Lumière anaiek zinema-kamera eta proiekzio publikoko aretoa asmatu zituzten. Lyonen haien bizileku eta fabrika izan zen etxearen kanpoaldea lore-baratze benetako bat da: leku goxo eta atsegina urte osoan eta, bereziki, urrian egiten den Lumière zinemaldian, zuhaitz artean eta bertako aretoetan biltzen baitira orduan zinemazale jakin-egarriak, mundu ezezagunetarako leihoak irekitzen zaizkien ikasleak eta zinemarekiko grina partekatzen duten nazioarteko profesional eta zinemagile handiak zinema ezagutu eta eztabaidatzeko, eta garai, nazionalitate eta sentsibilitate artistiko guztien arteko bide eta lotura ugari ezartzeko. 

Lumière Institutuak ereiten du han loratzen den hazia, Premier Film kalean dagoen eraikinaren inguruan. Han, hain zuzen ere, han filmatu zen La Sortie de l'usine Lumière à Lyon (Salida de los obreros de la fábrica en Lyon, Louis Lumière, 1895) izenburuko film iniziatikoa, eta gutxik bezala islatzen du museo bizi eta aktiboaren ideia. Izan ere, ikertzen eta berrasmatzen duen laborategia da, ezagutza metatuaren eta etengabeko ikasketa eta programazioaren bitartez. Gainera, irekita dago lehen aldiz ezagutu genuenetik haren espiritu liluragarriarekin kutsatuta gauden guztiontzat. Ahazteko edo galtzeko zorian egon daitezkeen filmak etengabe zaharberritzeko ardura dute han; film mutuak erreskatatzen dira, beti desagertzeko edo inork ez ezagutzeko arriskuan baitaude; arreta eskaintzen zaie zaharberritzeko beharra edo bigarren aukera bat behar duten lan garaikideei; eta, luzaro ahaztuta egon ostean, egindako lorpenak berreskuratzea merezi duten zinemagileak sustatzen dira, hala nola André Cayatte eta Gilles Grangier.

Hiruhileko honetan Euskadiko Filmategian hasiko diren Lumière Saioetan, lan bikain eta erakargarri horren berri eman nahi da, Lumière Institutuaren historiako lehen film garrantzitsuen bidez eta alderdi askotarikoak erakutsiz. Profesional handien eta, batez ere, zinemaren eta haren dibulgazioaren zaleen eskutik helduko zaizkigu filmak.

Bertrand Tavernier, iaz zendu zena, Lumière Institutuaren presidente historikoa da. Erakundearen bereizgarri den jarreraren sustatzaile izan zen, eta gutxik bezala erakutsi zuen zinemarekiko zaletasuna, nola zuzendari eta gidoigile gisa, hala ikertzaile eta dibulgatzaile sutsu gisa. Horregatik, Lumière Saio hauek Lyongo zinemagilearen film enblematikoenetako batekin hasiko ditugu, L'horloger de Saint-Paul (El relojero de Saint-Paul, 1974) Tavernier-en lehenengo filmarekin, zinema beltzari jarri zion arretaren adierazgarri baita, besteak beste. Egungo presidentea Irène Jacob aktorea da, karteleko protagonista. La double vie de Véronique (La doble vida de Verónica, Krzysztof Kieślowski, 1991) zinema garaikidearen maisu-lanean egin zuen aktore-lan ikusgarria aurkeztera etorriko da. Thierry Frémaux, Cannesko Jaialdiko zuzendaria, beste lyondar bat Lumière Institutuaren alma matera da. Haren Lumière ! L'aventure commence (¡Lumière!, comienza la aventura, 2016) filmean, zinematografoaren asmatzaileek egindako lehen filmak zaharberritu eta horien inguruko ikuspegi berria eskaintzen da, eta hala, erakundearen estiloa zehazten: zorroztasuna eta suhartasuna.

Lumière Institutuaren eta Jaialdiaren beste bereizgarri bat adiskidetasuna da: zinemagileak eta zinemagintzako bestelako profesional eta adituak elkartzen dituen ziklo, eztabaida eta aurkezpenak antolatzen dira. Hala, Clint Eastwoodek Il buono, il brutto, il cattivo (El bueno, el feo y el malo, 1966) aukeratu zuen jaialdiaren lehen edizioa ixteko 2009an. Jerry Schatzberg Lumière Institutuaren beste lagun bat da, eta merezi du Scarecrow (El espantapájaros, 1973) filma berreskuratzea, Ipar Amerikaren erretratu gordin onenetako bat baita, bazterreko bi pertsonaiaren bidez azaldua: gogoangarriak dira Gene Hackmanen eta Al Pacinoren interpretazioak. Wim Wenders alemaniarra Lumière Institutuaren jardueretan parte hartzera gonbidatu zen lehen zinemagileetako bat izan zen, Alicie in den Städten (Alicia en las ciudades,1974) filmarekin. Ezohiko road movie bat dugu, guztiz modernoa, nahiz berrogeita hamar urte igaro diren estreinatu zenetik.

Lumière Institutuaren beste jarduera-ildo bat emakume zinemagileen lana berreskuratzea eta historian behar duten lekua ematea da, Histoire permanente des femmes cinéastes atalaren bitartez. Esate baterako, Larissa Chepitko, Kinuyo Tanaka eta Jane Campion (2021eko Prix Lumière saria jaso zuen) eman dira ezagutzera, bai eta Ida Lupino aktore eta zuzendaria ere, zeinaren The Bigamist filma emakumeen inguruko tabuak eta matxismoarekin loturiko gaiak jorratzera ausartu baitzen1953an, Estatu Batuetako zinemaren ertzetan.

Teknologia digital paregabea erabiliz eta jatorrizkoa erabat errespetatuz zaharberritu ditu filmak Lumière Institutuak. Frantziako zinemako zenbait klasiko handi erreskatatu ditu horrela, oraindik ere liluratzen jarraitzen dutenak, beren ausardia estetiko eta tematikoarengatik: hori da, adibidez, Henri-Georges Clouzot-en Le corbeau (El cuervo,1943) drama beltz zirraragarriaren kasua. Fronte Popularraren ilusioak islatzen ditu filmak, inolako aldarrikapen politikorik egin gabe, giza izaeraren zapore gazi-gozoa eta utopiaren mugak bakarrik bilatuz: La belle equipe (Camaradas, 1936), Julien Duvivier handiaren film onenetako bat. Jean-Pierre Melville ere frantziar zinemagile handienetako da; haren filmen artean, L'armée des ombres (El ejército de las sombras, 1969) lana aukeratu da, Frantziako erresistentziaren deskribapen lehor eta hunkigarria.

Lumière Institutuaren kolaboratzaileen sare entzutetsuarekin bat eginik, Martin Scorsesek, Lyonera egin zuen bisitetako batean, adierazi zuen The Red Shoes (Las zapatillas rojas,1948) izan zela txikitan berarengan eta zinemari buruzko bere ikuskeran eraginik handiena izan zuen filmetako bat, kolorearen tratamenduagatik besteak beste; britainiar zinemaren eta Michael Powellen film garrantzitsuenetakotzat jo zuen. Urrats harmonikoak dira, inondik ere, Lumière Institutuak ematen dituenak, zinemaren garai eta lurralde guztiak lotuz eta ballet liluragarri eta agortezina osatuz.

 

Ricardo Aldarondo

 

Imagen Listado
Imagen
Lumière emanaldiak
Año
2022
Tipo Agrupación
Zikloa
Información Adicional