Mister Universo, Tizza Covi, Rainer Frimmel, Austria, Italia, 2016, 90’, JBAES, DCP.
Tairo Pattyren eta Walterren seme nerabea zen La Pivellina filmean. Zazpi urte geroago, Tizza Covik eta Rainer Frimmelek pertsonaia berreskuratu dute, eta beren azken istorioko ko-protagonista izango da. Orain Tairo lehoi-domatzailea da, eta bolada txar bat pasatzen ari da. Bere zorte txarrarekin amaitzeko asmoz, giharrekin burdinazko xaflak tolesteko gauza den pertsonaia mitiko baten bila joango da: Arthur Robin, Mr. Unibertsoko txapelduna, duela urte batzuk erretiratu zena.
Film honetan aurrekoaren eszenatokiak berreskuratu dira: karabanak, feriak, bigarren mailako errepideak eta Italiako gaur egungo bazter-auzoak. Ohi bezala, aktoreak ez diren pertsonekin egin dute lan dokumentala eta fikzioa uztartzen dituen film honetan. Emaitza, berriz ere, film zuzena da, humanismoz betea, pertsonaia gogoangarri horietako bat eskainiko diguna ezustean, Fellini batek, Pasolini batek eskaini zizkiguten haien eran. Arthur Robin zaharra "mirari" bat da, zinemako pantailan gutxitan ikusten ditugun horietakoa, gogoan iltzatzen den horietakoa.
2016. urteko Locarnoko Zinema Jaialdian epaimahaiaren aipamen berezia.
Tizza Covi eta Rainer Frimmel zuzendarien 'Mister Universo' filmaren proiekzioa, Locarnoko Zinema Jaialdiari eskainitako gutun zuriaren baitan.