Argazkia: liburutegi publikoak Jimbochon
Ikerketa honen helburua Tokion espazio publikoen inguruan duten kontzepzioa ikertu eta honetan performatibotasunak duen garrantzia aztertzea da. Espazio publikoaren ideiak ez du bat egiten japoniarrek euren hiria antolatu eta erabiltzeko duten moduarekin; geure publiko eta pribatuaren arteko harremanak talka egiten du euren kontzepzioekin, zenbait muga lausotuz eta beste zenbait indartuz. Edozein kasutan, zeintzuk dira Tokion gizartea elkartzeko, eztabaidatzeko eta komun denaren inguruko antolaketak sortzeko lekuak? Zein gizarte-taldek bilatzen dituzte halako lekuak eta non topatzen dituzte?
Hiria zein bertan kokatzen diren arte-zentroak aztertu nahi izan ditut lehen hurbilketa honetan, espazio komunak sortzeko beharraren bila, eta hauek ulertzeko asmotan. Arteak gizarte-antolakuntza honen aurrean nolako erantzuna eman duen jakin nahi nuen, eta ikusi dut badirela Shibaura House bezalako espazioak, jabetza pribatuak izan arren, ezagunak zaizkigun mugak malgu bihurtu eta inguruko ama eta haurrentzako espazio komun bat sortzen jakin dutenak. Edo Nagoyako MAT, adibidez. Arte-zentro horretan auzokoekin batera landutako ingurunea sortu dute, eta aldi berean lorategi komunalen inguruko erakusketa bat eta Martha Rossleren "Semiotics of the Kitchen" erakusketa programa ditzake naturaltasun osoz.