Bideo-koreografiek talde-nortasun bat bat-batean azaleratzea edo artifizialki edo inposizioz eraikitzea eragiten duten baldintzak aztertzen dituzte; hala ere, hemen, gorputz-mugimendu erritmiko eta koordinatu iraunkor batean oinarritutako dinamika kolektiboetan jartzen da arreta, justuki.
Gaur egun, dinamika horiek hainbat subjektu kolektibo lotzen dituzte, zeharka, adibidez: eliteko kirolarien taldeak, latifundio handietako biltzaile tradizionalak, elkarren ondoan diziplinazko errutinak egiten dituzten militarrak eta lanaldia nahitaezko kalistenia-ariketekin hasten dituzten enpresa handietako langileak, beste askoren artean.
Gai horretan oinarrituta, Bideo-koreografiek ariketa erritmiko zehatz eta errepikakor sorta bat proposatzen dute, «gorputz» kolektibo baten eta «trantze» kolektibo baten ideiei helduz. Piezetako bakoitzak dikotomia kontzeptuala baztertzen duen zirkunstantzia bat sortzen du: estrategikotasuna bat-batekotasunarekin nahastuko da, neurri zorrotz eta kalkulatua ausazko erritmoekin, herri-dantzen erresonantzia egintza militarrarekin.
Beste alde batetik, Bideo-koreografiek mugimendu erritmikoaren idazketa idealaren teknika –dela paperaren gainekoa dela zuzenean pistaren gainekoa– benetako gertaeren bideo bidezko «idazketarekin» konbinatzen dute; beste hitz batzuetan esanda, koreografia bideografiarekin lotzen da, kontingentzia planifikatutakoaren bidez barne hartzeko modu gisa, eta alderantziz, planifikatutakoa prozesuan sortutako kontingentziaren bidez barne hartzeko modu gisa. Adierazgarriena da bi idazketa motak sorkuntza-maila berean daudela eta elkarrekin lan egiten dutela, adierazpide berri bera sortzeko.
Nolanahi ere, ez da ahazten idazketa sorkuntzarako eta informazio zehatzak buruz ikasteko teknika gisa ez ezik, aginduak emateko eta urrutitik agintzeko, araua finkatzeko eta betikotzeko ere erabiltzen dela.
Aurretik esandakoagatik, Bideo-koreografiek, halaber, egindako mugimenduaren atzean dagoen arauaz gain, araua betearazten duen boterea –eta bereziki hori– agerrarazten dute. Gorputz koreografiatuetako mugimenduek botere-harremanak ezkutatzearen ideia horren bidez, lehen aipaturiko «gorputz» eta «trantze» kolektiboen nozioek beste zentzu bat hartzen dute.