Kimika da, hain zuzen, janari prozesatua industrializatzeko baliabide nagusia. Hasieran, baina, alkimiarako erabiltzen zenean, beste interes batzuk zituen kimikak: mundu esoterikoa, magia, filosofia eta barne-aberastea, besteak beste. Gaur egun, bada, nolako interesen arabera erabiltzen dira kimikaren balioak?
Rojo 40 proiektuan, alde batetik Erdi Aroko alkimiari buruzko agiriak eta bestetik elikagai industrializatuetako gaur egungo kimikari buruzkoak aztertzen dira. Hala, alkimiaren bilaketa esoteriko-filosofikoaren balioen eta gaur egungo kimikaren helburu ekonomiko-industrialen balioen arteko aldea abiapuntu hartuta, egunero kontsumitu ohi dugun janariaren artifizialtasunean jartzen du arreta, ezagutzaren irudi edo sinbolo bidezko transmisioaren ideia alkimikoa erabiliz.