
Lokatza eta promesak proiektuak irudiaren inguruko ikerlana proposatzen du Maite Gonzálezen artxiboaren bidez (Oiartzun, 1995). Proiektuak behaketaren ahalmena eta zehaztasunera zuzendutako antolaketa optikoa lantzea eskatzen du, aldi berean xehetasuna eta eszena kontuan hartzen dituena. Begiratzeko modu bakar bat agintzeko asmorik gabe, Lokatza eta promesak erakusketak harriduratzat hartzen du Maiteren lana, begirada posibletzat paisaiaren bitxitasun antropikoaren aurrean.
Irudia pinturatik, collagetik, argazkitik edo bideotik lantzen du Maitek; metatze zaindua da, nahi gabe, bere buruaz, gailuaz, inguruneaz eta bizi den lekuaz hitz egiten duena aldi berean. Begiratzeko moduan hiru une bereiz ditzakegu: errepikapena, desfasea eta itxaronaldia. Irudien erreproduzigarritasunaren eta ekoizpen masiboaren aroan, errepikapena baliabide gisa aurkezten da, aldaketak behatzeko, desberdintasunei erantzuteko, eta begiratzen dena ulertzea ahalbidetuko duten sekuentziak osatzeko. Maitek, hain zuzen ere, zerbait ezagutu izanaren sentsazio gisa ulertzen du desfasea, eta, hala ere, dena ulertu ez izanarena. Itxarotea, berriz, ulermen mugatuari aurre egiteko aukera bat da, arreta-tarte bat, bere aurrean aurkezten den materialarekiko deskonexioa nolabait salbatzeko. Maiteren argazkian, etengabe eraldatzen den lekua da paisaia. Behaketa, esperientzia estetiko gisa, begirada analitikoaren eta kontenplazio hutsaren artean mugitzen da. Atalase horretan, gauza arruntak beste modu batera agertzen dira, mugitu egiten dira, eragin egiten digute.
