Hilean behin, askotariko gonbidatu topaketa bat egitea proposatzen duen ekimen honek gai horien inguruko eztabaida piztu nahi du. Non hasi eta bukatzen da ekologia garaikideak kontuan hartu beharko lituzkeen geruza ezberdinen zerrenda?

Garai historiko bakoitza jorratzen duen hiztegia, gizarteak une horretan dituen arazo eta erronken erakusle dela esan ohi da. Hitz egiteko eta izendatzeko moduak ere -neurri handi batean- arazoen parte bihurtzen dira. Bere ostarte eta behe-laino guztiekin, gure hiztegi zein bizimoduetan eraldaketak iragartzera datorren izendapen hori egun ekologia da.
90eko hamarkadaren hasieran, Felix Guattari filosofoak ekologiaren auzia elkarloturik leudekeen hiru geruza aztertuz azaldu zuen: ekologia psikikoa, harreman sozialen ekologia eta ingurugiroaren ekologia. Orduz geroztik, ekologia ugaritu besterik ez da egin. Gizartea bere ingurune naturalarekin -ekosistema batean- etengabe komunikatuta dagoenaren ideiak izendapena norabide guztietara hedatzea ekarri du: sentsazioetara, pertzepzioetara, kogniziora, desirara, arretaren esparrura, botere-harremanetara, balioetara edo informazioaren alorrera.
Hilean behin, askotariko gonbidatu topaketa bat egitea proposatzen duen ekimen honek gai horien inguruko eztabaida piztu nahi du. Non hasi eta bukatzen da ekologia garaikideak kontuan hartu beharko lituzkeen geruza ezberdinen zerrenda? Nola gerturatu gaitezke geruza horien muinera? Nola eta non ukitzen dute elkar? Nola bultzatu, bakoitzak bere jarduerari uko egin gabe, espazio komun batekiko kezka eta ardura? Tabakaleratik galdera horiek modu kolektiboan egin eta erantzuten saiatzea ezinbestekoa dela uste dugu, bai artearen praktikan bai zientzia naturaletan edo gainerako jakintza-arlo eta ekintza-eremu ezberdinetan ere, enuntziatu kritikoak osatuko badira.
