Imagen
Imagen
Descripcion

Chus Martínez zuzendaria da Basileako (Suitza) FHNW Academy of Art and Design-eko Institute Art Gender Nature-n. Espedizio-burua izan zen TBA21-Academyk 2018 eta 2020 artean gauzatu zuen The Current proiektuan, eta, 2021az geroztik, TBA21-Academyk Venezian abiarazitako Ocean Space-ko zuzendari artistikoa da. The Current inspirazio-iturri izan zen Art is Ocean sortzeko: Institute Art Gender Nature-n egindako mintegi- eta hitzaldi-zikloa, artistek naturako esperientzia berri baten sorkuntzan jokatzen duten papera aztertzeko. Gaur egun, The Womxn´s Factor ikerketa-proiektua zuzentzen du Institute Art Gender Naturen, hezkuntzak duen funtzioari buruzkoa arteetan emakumeen berdintasun-egoera hobetzeko.

Chus Martínez Espainian jaio zen, eta Filosofia eta Artearen Historia ikasi zituen. Kontserbatzaileburua izan zen New Yorkeko El Museo del Barrion, eta departamentuko
burua eta Core Agent Group-eko kidea dOCUMENTAn (13) 2012an. Gainera, izan zen Bartzelonako MACBAko kontserbatzaileburua (2008-2011), Frankfurter  unstvereineko zuzendaria (2005-2008) eta Bilboko Rekalde Aretoko zuzendari artistikoa (2002-2005). Veneziako Biurtekoaren 56. edizioan (2015) Kataluniako Pabilioia komisariatu zuen, baita Ziprekoa ere 2005ean. Istanbulgo Biurtekoan (2015), Carnegie International-en (2010) eta São Pauloko Biurtekoan (2010) ere aritu da. Frankfurter Kunstvereineko zuzendari izan zen garaian, Wilhelm Sasnalen bakarkako erakusketa eta hainbat erakusketa kolektibo antolatu zituen, artean, Pensée Sauvage eta The Great Game To Come. Bestalde, Deutsche Börseren egonaldien programa sortu zuen artistentzako, arte-idazleentzako eta komisarioentzako. MACBAn lanean ari zenean, komisariatu zituen Thomas Bayrleren atzera begirakoa, Otolith Taldearen erakusketa monografikoa eta Are you ready for TV?, telebistari eskainitako erakusketa. 2008an, La vida unánime Deimantas Narkevicius-en lanen atzera begirakoa komisariatu zuen Madrilgo Sofia Erregina Museoan, Europako beste museo handi batzuetan ikusgai izan zena ondoren.

Bere azken proiektuen artean, honako erakusketa hauek aipa daitezke: Claudia Comte. After Nature, Madrilgo Thyssen-Bornemisza Museo Nazionalean (2021); Metamorphoses. Let Everything Happen to You, Castello di Rivolin (2018); El Futuro, Madrilgo ARCOn komisariatu zuen sail berezi bat (2018); John Akomfrahren Purple, Madrilgo Thyssen-Bornemisza Museo Nazionalean (2018); “La Fin de Babylon. Mich wundert, dass ich so fröhlich bin!”, KölnSkulptur #9, Skulpturenpark Köln-en, Kolonian (2017–2019); Idiosincrasia: las anchoas sueñan con panteón de aceituna, urtebeteko erakusketa Cacereseko Helga de Alvear Fundazioan (2016); Undisturbed Solitude erakusketa kolektiboa Kunsthaus Hamburg-en (2016) eta La Era Metabólica, MALBA, Buenos Aires (2015–2016). Halaber, Institutuak Basilean duen erakusketa-espazio der TANKeko kontserbatzaileburu gisa, erakusketa bereziak gainbegiratzen ditu; besteak beste, Raffaela Naldi Rossano (2019), Cecilia Bengolea (2019), Teresa Solar (2018), Eduardo Navarro (2017), Ingela Ihrman (2017), Mathilde Rosier (2016) eta Julieta Arandari (2016) eskainitakoak. Hitzaldi asko ematen ditu eta maiz idazten du, adibidez, katalogoetako testuak, saiakera kritikoak eta Artforum zein bestelako nazioarteko argitalpenetako artikuluak. Duela gutxi, editore-lanak egin zituen The Wild Book of Inventions (2020) liburuan, eta argitaratu ditu e-Flux Journal # 112(2020ko urria), Julieta Arandarekin eta Markus Reymannekin batera, eta Corona Tales. Let Life Happen to You (Lenz Press, Milan, 2020), Espainiako iparraldean bizi ziren bere aurreko bi belaunaldietako senideen istorioen bilduma.

Disciplina
Cargo - Nota descriptiva
Komisarioa, historialaria eta idazlea