Mekanika behartuak 2020-eko Summer Session deialdian hautaturiko Oihane Iragüen eta Jonathan García Lana sortzaileen pieza bat da.
"Gorputz oro makina bat da..."
René Descartes
Arrazoimena modu egokian gidatzeari eta egia zientzian bilatzeari buruzko hitzaldia. 1637
Zer da izaki bizidun bat? Eztabaida hori etengabe eman da zientziaren eta filosofiaren artean. Hainbat teknologiak, adimen artifizialak, gorputz zabalduak edo ikasketa automatikoak kasurako, gaiaren inguruan hausnartzera gonbidatzen gaituzte, eta aldaera zibernetikoak gehitzen dituzte, hala nola adimen banatua, biomimetika, sareak edo telekomunikazioak, bizitzaren kontzeptua berriro pentsatzera eramaten gaituztenak naturaren antolakuntza eta mekanikatik.
Mekanika behartuak Tabakalerak Summer Sessions erresidentzia-programan izandako lehen parte-hartzearen emaitza da. Summer Sessions arteari eta teknologiari buruzko nazioarteko erresidentzia-seriea da, eta Rotterdamgo V2_Lab for the unstable media delakoak babesten du mundu osoko kultura-erakundeen sarearekin batera; sare horretan daude, adibidez, Seuleko Art center Nabi, Bartzelonako Hangar, Bruselako iMAL edo Shanghaiko Points center for contemporary art.
Pieza bi diziplinen hibridazioaren emaitza da, bideoinstalazioa, Oihane Iraguen artista bisualaren proposamenari jarraikiz, eta robotika musikala, Jonathan Garcia Lana Tunipanea sortzaile eta luthier esperimentalarena.