#Kontra
Donostia/San Sebastiánen erreferente bilakatu den jaialdi feministak hamar urte beteko ditu aurten eta, urtemuga ospatzeko xedearekin, Plazandreok - Emakumeen Plataforma Politikoak jaialdiko erdigune izango den Tabakalerako Z Aretoan gauzatuko den eskaintza oparoa antolatu du.
Diskurtso feminista ezarritako hegemonien aurkako borrokak ezaugarritzen du. Statu quo-a egungo botere harremanak sortzen dituzten eta natural eta normalak balira bezala azaleratzen diren indarkeria amaigabeetan oinarritzen da. Azken finean, feminismoaren zereginetako bat indarkeria horiek desnaturalizatu eta botere harreman horiek irauliko dituzten marko teoriko eta praktikak sortzea izan da. Praktika feministak sortzen diren une berean, ezaugarri nagusia egiaren uste konbentzionalak kontraesanean jartzea duen jakintza multzo bat sortzen da. Feminismoa normalitatea eraikitzen zuten jakintza guzti horien aurka ekinez eraiki da.