Nest, mundu osoko zinema-ikasleen film laburren sail lehiakorrak Donostia Zinemaldian, bi hamarkada beteko ditu 2021ean. Zinemaldiak programa berezi bat antolatuko du guztia hasi zeneko gunea ospatzeko: argitalpen bat, podcast bat, oroitzapenezko bideo bat eta master classak lehiaketaren 69. edizio honetan, eta, halaber, urrian eta azaroan zehar luzatuko den programazio bat Zinemaldia + Plus programaren bidez.
Nest saila 2002an sortu zen, Zinema Eskolen Nazioarteko Topaketa gisa, eta, geroago, Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa (EIECINE) deitzera aldatu zen. Eskoletatik ikasleetara igarotzeko erabakiak Zinemaldiak arreta zinemagileengan eta horien obretan ipintzea interesatzen zaiola aditzera ematen zuen, trebatu zireneko erakunde akademikoetatik harago. 2008an, Tabakalera sailaren antolakuntzan sartu zen, eta film laburren eta eskolen parte-hartzeak gorakada esponentziala izan zuen. Halaber, programazioa ere nabarmen handitu zen: topaketari egunak gehitu zitzaizkion eta zinemako profesionalen master classak sartu ziren, hala nola hauenak: Bertrand Bonello, Nobuhiro Suwa, Marine Francen, Raymond Depardon, Todd Haynes, Christine Vachon eta Albertina Carri.
20. urteurreneko egitaraua estuki lotuta dago Nesten izaerarekin. Batetik, Zinemaldiaren egunkarian eta Zinemaldiaren eta Tabakaleraren webguneetan argitaratuko da Noemí Cuetos eta Marcela Hinojosa Elías Querejeta Zine Eskolako ikasle ohien ikerlana; Cuetosek eta Hinojosak saila ikuspegi historikotik eta zinema-jaialdien azterketaren testuinguruan aztertu dute.
Gainera, hilaren 21ean, zuzeneko podcast bat grabatuko da Tabakalerako zinema-aretoan, eta akreditaziodunez ez ezik, edozein ikus-entzulek sartu ahalko da bertara, duela urte batzuk topaketan parte hartu zuten eta orain euren zinema-ibilbidea garatzen ari diren Nesteko ikasle ohi batekin: Kiro Russo (Nueva vida, Nest 2015), Inês de Lima (De madrugada, Nest 2017), Mina Fitzpatrick (Wandervogel, Nest 2017) eta Óscar Vincentelli (Guillermo + Violeta, Nest 2018). Nestetik igaro ondoren, lau zinemagile horiek lotura izaten jarraitu dute Tabakaleran partekatutako proiektuekin: Inês de Lima EQZEren bigarren promozioko kide izan zen, bere hirugarren lana, Casa do Norte, garatzen ari zen bitartean; Óscar Vincentelli EQZEren lehen promoziokoak instalazio bat aurkeztu zuen Tabakaleran, bere lanak eta proiektuak hitzordu ugaritan –hala nola Locarno eta Berlinale Talentsen– hautatu izan dituzte, eta La sangre es blanca (2021) bere azken lanak FIDMarseille jaialdiko Compétition Flash lehiaketaren sari nagusia eraman zuen; Mina Fitzpatrick martxoan itzuli zen Ikusmira Berriak programara eta hilabete honetan Zinemaldiko Industria jardueretan parte hartuko du bere lehen film luzearekin; eta Kiro Russo Ikusmira Berriak programara itzuli zen egoiliar gisa, bai eta zinemagile hautatu gisa ere Horizontes Latinos sailera (Viejo Calavera, aipamen berezia). Aurten Zabaltegi-Tabakaleran aurkeztuko du El gran movimiento, Venezian egon ondoren. Itzulera horiek guztiak Z365 kontzeptuarekin lotuta daude. Z365 kontzeptua Zinemaldia urte osoan zehar luzatzeko ideian funtsatzen da, eta Zinemalditik igarotako zinemagileen komunitateak sortutako proiektuen garapena sustatzeko programak biltzen ditu.
Zinemaldiak Nesten 20 urteak oroitzeko bideo bat ere prestatu du, Maialen Beloki Zinemaldiko zuzendariordearen, Maialen Franco prestakuntza-programen arduradunaren eta Lur Olaizola Tabakalerako ikus-entzunezko programaren koordinatzailearen kontakizunaren bidez. Lana Morgancrea Zinemaldiaren telebista ekoizten duen ekoiztetxeak egin du, eta artxiboko irudi ugari biltzen ditu, sailaren jazoera garrantzitsu nagusiak gogoraraziko dizkigutenak.
Azkenik, bi master class ere egingo dira, eta Nesteko partaideez gain, ikus-entzuleek eta gainerako akreditaziodunek ere parte hartu ahalko dute horietan. Hilaren 20an, astelehenean, Céline Sciamma zinemagilea arituko da ikasleekin solasean (Petite maman haren filma Perlak sailean emango da). Eta hilaren 22an, asteazkenean, Laura Wandel zuzendari belgikarrak elkarrizketa bat izango du Nesten hautatutako zinemagileekin eta gainerako ikusle-entzuleekin, 2007an Zinemaldiko Zinema Ikasleen Nazioarteko topaketan hautatu zen Wandel Murs bere film laburrarekin, eta Zabaltegi-Tabakaleran aurkeztuko du bere lehen film luzea, Un monde (Playground), Cannesko Un Certain Regarden estreinatu ondoren, non FIPRESCI saria lortu zuen.
Gainera, urrian eta azaroan, Zinemaldia + Plusek, Zinemaldiak Tabakalerako zinemaren programazioan hilero parte hartzen dueneko fokuak, Marcela Hinojosak eta Noemí Cuetosek komisariatutako programa bat hartuko du, topaketaren bi hamarkadetan hautatutakoen artean aukeratutako hamar film laburren hautaketa batez osatua.
Nest Donostia Zinemaldiaren etorkizuneko apustuetako bat da. Besteak beste, Jerónimo Quevedo, Lea Mysius, Kiro Russo, Oren Gerner, Isabel Lamberti, Grigory Kolomytsev eta beste hainbat zinemagilek sail horretan hasi zuten euren jarduna, eta geroago nola Donostia Zinemaldian hala nazioarteko zirkuituko beste lehiaketa batzuetan aurkeztu izan dituzte euren filmak. Egungo garai nahasiotan, eta kontuan izanik zinema-industriak eta lehiaketek galdera ugari egiten dizkiotela beren buruari, duten funtsari ez ezik, etorkizunari buruz ere bai, Nest proiektuak, dituen ezaugarriak kontuan izanik, lagundu egin behar dio lehiaketari berari zalantza baterako erantzuna aurkitzen: norantz ari gara egiten aurrera? Begien bistakoa dirudi etorkizun horrek bere historia ikertzeko eta ezagutzeko lan guztia biltzen duela bere barnean. Zinemaldiak bere iragana ikertzeko konpromisoa hartu du, hala nola, Zinemaldia 70: historia posible guztiak proiektuen bidez; izan ere, bere iragana ezagutzen badu baino ezin izango du, EQZE eta TBKrekin elkarlanean, etortzear dagoen zinema babestu.
Céline Sciamma, Laura Wandel, Mina Fitzpatrick, Inês de Lima, Kiro Russo eta Oscar Vincentelli zinemagileek eta Noemí Cuetos eta Marcela Hinojosa Elías Querejeta Zine Eskolako ikasle ohiek hartuko dute parte.