Jumana Mannaren jardun artistikoa zinemagintzan eta eskulturan garatzen da gehienbat. Estatu Batuetan jaioa (1987) eta Jerusalemen hezia, Berlinen bizi da gaur egun Manna. Bere lanean boterea harremanen bidez nola egituratzen den aztertzen du, maiz begirada gorputzean eta materialtasunean ipinita, nazionalismoaren kontakizunei eta lekuen istorioei lotuta.
Erakusketan, bere azken bi filmak daude ikusgai: A Magical Substance Flows Into Me (2016), Palestinako irrati-zerbitzuan 1936an eman zen ekialdeko musikari buruzko programa baten berrantzezpena, eta Wild Relatives (2018), hazi-bankuen trukaketetan begirada jartzen duena Svalbardeko lur artikoen eta Libanoko Bekaa bailara artean filmatua. Filmekin batera, lau serie eskultoriko aurkezten dira, gorputz zatikatuak dira, beren kokapenarekin harremantzen direnak Hauen artean, ontzi antropomorfiko batzuk, Muscle-Vase series (2015-egunerate) eta The Contractor’s Heel (2016) izenekoak daude. Artistaren azken lan hauek kontserbaziorako praktika zientifikoek dakartzaten ezabaketak aztertzen dituzte, ondare garbi aldaezina eta modernizazioaren onarpena kontrajartzen dituen dikotomia faltsutik haratago joanez.
Eskala ere presente dago Mannaren jardunean eta erakusketa-eremuan bere obrak kokatzeko konfigurazioan. Filmentzako pantaila lautik hasi eta eskulturek hartzen duten hiru dimentsioko espazioraino, eskala beste tresna bat da sailkatzeko metodoak eta prozesu biologikoak aztertzeko artistak gauzatzen dituen esplorazio arkeologikoetan. Bere filmen eta eskulturen konbinazioek maila askotako topaketa bizi-biziak eragiten dituzte. Horien bidez, ikusleek beren gorputzei buruz duten kontzientzia areagotzen da, bai eta lanaren diskurtsoetako botere-egiturak ere. Artista honek Espainiako Estatuan egiten duen lehenengo bakarkako erakusketa da hau.
Jumana Manna artista palestinarrari eskainitako erakusketa.