Descripcion Larga

Tabakalerak udako hilabeteetarako egiten duen zinema-proposamena Ihes puntua zikloarekin hasiko da. Ikuspuntu desberdinetatik kontzeptu bera (ihes puntua) lantzen duten hainbat zinegile entzutetsuren 15 lan proiektatuko dira:

Terrence Malick-en Badlands (1973) opera primak bihar, uztailak 1, emango dio hasiera ziklo berriari Tabakaleran. Charles Starkweather eta Caril Ann Fugate, 1958an Hego Dakotan legearen kontra ihes egin zuten gazte hiltzaileen kasuan oinarritzen da filma.

Zikloak Johan van der Keukenen Las vacaciones del cineasta (1974) filmaren proiekzioarekin jarraituko du. Filmak bere oporrak erretratatzen ditu eta argazkigintzari eta zinemari buruzko gogoetara eramaten du ikuslea. Ingmar Bergman-en Un verano con Mónica (1953) pelikulan, Monikaren (Harriet Andersson) begiradak betiko markatu zuen zinemaren historia, fikzioaren eta ikuslearen arteko haustura horri esker. Eta 50eko hamarkadako Danimarkatik 90eko hamarkadako New Jerseyra joango gara. Wildwood-era hain zuzen ere, uda igarotzeko hiri batera. Carol Weaks Cassidy eta Ruth Leitman zuzendariak pasealekuan dabiltza, batez ere neskei eta emakumeei elkarrizketak eginez. Horrela, Wildwood, NJ (1994) filman, garai zehatz bateko erretratua sortu zuten, eta garai hartako iritziak jaso zituzten abortuaren, sexuaren eta gorputzaren beraren inguruan

Husbands (1970) filmean John Cassavetes-ek Gus (John Cassavetes), Archie (Peter Falk) eta Harry (Ben Gazzara) aurkeztu dizkigu. Laugarren lagun bat galdu duten hiru lagun dira, eta, hiletaren ondoren, haien lanak eta bizitzak atzean uzten dituzte Londresen amaituko den bidaia bati hasiera emateko. Cassavetesen ondoren, beste zuzendari bikain bati helduko diogu, Jim Jarmusch-i, hain zuzen ere. Mystery Train (1989) filmean, hiru istorio eta hiru bidaia aurkeztu dizkigu. Horiek guztiek gau berean eta hotel berean egin dute bat, Memphiseko Arcade hotelean.

Abuztuari Touki bouki (1973) izeneko road movie batekin ekingo diogu. Izenburuak “hienaren bidaia” esan nahi du woloferan, eta Djibril Diop Mambéty zinemagile senegaldarrak zuzendua da. Albertina Carri-rekin jarraituko du zikloak, eta hark Las hijas del fuego (2018) izeneko road movie bat aurkeztuko digu. Ushuaian zehar bidaiatuko gara. Bertan, zenbait emakumek bidaiarekin bat egingo dute, eta plazerari omenaldia egingo diote. Tabakalerako zikloan ezagutuko dugun hurrengo uda Yuki eta Nina (2009) filmekoa izango da. Film horretan, bederatzi urteko bi lagun minek haien azken oporrak emango dituzte elkarrekin. Zikloak, halaber, Michelangelo Antonionik Estatu Batuetan filmatu zuen film bakarra ikusteko aukera emango du: Zabriskie Point (1970), Sam Shepard kogidoigilearekin, Pink Floyden erritmoan leherketa segida bat eraikitzen duena.

Zikloak ondoren Candela Peña eta Silke gaztetxoengana joko du. Aktoreak Icíar Bollaínen aginduetara aritu ziren Hola, ¿estás sola? (1995) filmean. Zuzendariaren opera prima da, eta bizitza berri bat bizitzeko etxetik ihes egin duten bi lagunen istorioa jasotzen du. Horren ondoren Wim Wenders-en Paris, Texas (1984) entzutetsua izango da gurean, Cannesko Urrezko Palma irabazi zuena. Ihes puntuaren baitan ikusi ahal izango da baita ere Jean-Luc Godard-en Pierrot le Fou (1965).

Ihes puntua, Tabakalerako udako zikloa, Jean Rouch eta Edgar Morinen Chronique d'un été (1961) filmarekin amaituko da, non 1960ko udan Parisko kaleetan zehar ibiliko diren, jendeari zoriontsu ote den galdetuz.

Ihes puntua zikloaz gain, Jazzinema-ko film sorta iritsiko da baita ere gurera uztailean, lurraldeko hiru jazz jaialdi handiekin bat eginaz (Donostia, Getxo, Gasteiz).

 

Sarrerak eskuragai

Uztaileko filmen sarrerak eskuragarri daude jada Tabakaleraren webgunean, eta abuztukoak uztailaren 15etik aurrera erosi ahal izango dira, bai webgunean, bai Tabakalerako lehen solairuko Info Puntuan.

 

 

Imagen Listado
Imagen
Imagenes Detalle
Imagen
Fecha
Descripción Corta

Uztailaren 1etik abuztuaren 26ra bitartean 15 film proiektatuko dira, ihesaren kontzeptua ardatz hartuta. Ziklo berriak Ingmar Bergman, Terrence Malick, Jim Jarmusch, Albertina Carri edo Jean-Luc Godarden lanak eskainiko ditu, besteak beste.